Eskoziako lehen ministroak Britainia Handia europar blokean nahi du
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak Britainia Handiak Europar Batasunean jarrai dezan kanpaina egingo du, «bihotz-bihotzez», ekainaren 23an egingo den erreferendumari begira. Blokean jarraitzearen abantailak defenditu ditu eskoziarrak Londresen.
Zazpiehunen bat entzuleren aurrean eskainitako hitzaldian, eskoziar independentistak Europar Batasunean egotearen abantailak azaldu zituen.
Bere ustez, 28 estatuko blokean segitzeak arlo askotan eragingo ditu onurak: ekonomian, ongizatean, oparotasunean zein ingurumenean. «Kanpaina baikor eta konstruktiboa» egingo duela agindu zuen: «Eskoziako Gobernuak uste du Europar Batasunean jarraitzeak Eskoziaren interesei mesede egiten diela». Nicola Sturgeonek erantsi zuen Eskoziaren independentziari buruzko erreferendumak utzitako lezioak ikasi beharrean daudela.
2014an egindako kontsultan eskoziarren %55ek Britainia Handian jarraitzearen aldeko botoa eman zuten, eta %45ek, independentziaren aldekoa.
Lehen ministroak nabarmentzen du esperientzia hark erakusten duela demokraziaren gaineko eztabaida bizi bat eragitea posible dela, herritarrak «gai hauen inguruan benetan esku hartzera animatuta». Sturgeonek dio erreferendum hark erakutsi zuela kanpaina negatiboa egiteak, helburuak hurbildu beharrean, urrundu egiten dituela. Horregatik eskatu zion David Cameron Britainia Handiko lehen ministroari beldurrean oinarritutako kanpaina negatiboak saihesten ahalegintzeko. Hori bai, ekaineko bozketan europar bloketik irteteko aukerak irabazten badu, Eskozian independentziari buruzko bigarren erreferenduma dei lezakete.

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
