A.A.
DONOSTIA

«Puntu kritikoak» berreraikitzeko grinari heldu dio Olatu Talkak

Ohi baino astebete lehenago, maiatzaren 20a eta 22a bitartean ospatuko da aurten Olatu Talka. «Hiria egin!!!» lelotzat hartu eta herritarren eskutik «puntu kritikoak» desegin eta berreraikitzera dator jaialdia.

Seigarren edizioan gune ezkutuak ezagutzeko proposamenarekin etorri bazen, zazpigarrenean Donostiako “puntu kritikoak” desegin eta berreraikitzeko erronka hartu du bere gain Olatu Talkak. Iaz, hiriko herritar eta elkarteen laguntzaz Donostiako Udalak identifikatutako 41 puntu kritikoak begian hartu eta horietako zenbaitetan hainbat ekimen gauzatuko dituzte maiatzaren 20a eta 22a bitartean, jaialdia «hiria birpentsatzeko eta eraldatzeko» lanabes izan dadin, jaialdiaren zuzendari Jon Aizpuruaren hitzetan. Hala, “Hiria egin!!!” lelopean eta batez ere hiritarren eskutik osatuko da egitaraua. Guztira, 150 proposamen jaso dira, hainbat arlotakoak (musika, kirola, antzerkia, teknologia berriak, dantza, gastronomia, ingurumena eta artea) eta horiek nola kudeatu aztertzen ari dira orain, baina dagoeneko zenbait puntu badituzte argi.

Besteak beste, Morlanseko eraikin berrien etxabeheetan, Loiola eta Loiolako Erriberen arteko saihesbidearen azpialdean eta Egiako Iztueta kalearen inguruan egingo dira ekimen batzuk. Egian “bide seguruak” seinaleztatzeko ekimenak garatu, saihesbidearen azpian bi auzoak lotzeko egitasmoa sustatu eta Morlansen «espazio kritiko bat gune atsegin eta segurua bilakatzeko ahalegina» egingo da.

Parte-hartzea indartzeko, jaialdia abiatu aurretik proposamenik aurkeztu ez dutenei “brigada” ezberdinetan parte hartzeko aukera ere emango zaie. Eta, brigadez aparte, martxoaren 7tik aurrera Huts Uneak, Kontzertour edota Kontxa Gaumarket ekimeneten izena emateko edota proiektuak aurkezteko aukera ere egongo da.