Ander Imaz gazteak beteko du Jon Ander Albisuren lekua igandean Donostian
Ataundarrak bi eskuak minduta ditu eta Asegarcek Oiartzungo gazteari eman dio aukera. Bengoetxea ere min hartuta dago eta Victorrek ordezkatuko du.

Binakako Txapelketaren final-laurdenetako ligaxka horren luzea izateak, eta azken partidara arte sailkapena erabaki gabe iritsi izanak, alde txarra ere izan du azkenean. Hain zuzen ere, aurreko asteburuan hil ala biziko neurketak jokatu dituzten Oinatz Bengoetxea eta Jon Ander Albisu min hartuta daude, eta ezin izango dute finalerdietako lehen norgehiagoka jokatu.
Oinatz Bengoetxeak eskuin orkatila bihurritu zuen igandean Altsasun, eta bere lekua Victorrek hartuko du Alvaro Untoriaren aurrelari gisara. ETBri eginiko adierazpenetan, leitzarrak Burundako neurketa oso larri amaitu zuela onartu zuen: «Lehenik orkatila bat bihurritu nuen, eta gero bestea ere bai. Eskuak ere nahiko izorratuta dauzkat oraintxe bertan. Egia esan, neurketa larri-larri amaitu nuen, asko sufrituta».
Harridura handiagoa sortu du Jon Ander Albisuren ordezkoak. Ataundarrak eskuak minduta amaitu zuen larunbatean Labriten jokatutako partida, eta Asegarcek bere ordez Ander Imaz gaztea ipintzea erabaki du. Kontuan izan behar da Albisu gaur egun enpresa horrek duen atzelari onenetarikoa dela, onena ez bada, eta Ander Imazek hiru hilabete baino gutxiago daramatzala profesionaletan.
21 urteko atzelari oiartzuarra lan bikaina egiten ari da Promozio Mailako Binakako Txapelketan, Asier Arteagarekin bikote osatuz, eta gipuzkoarra izateak ere bere alde egingo zuen seguruenik. Izan ere, finalerdietako partida hori igandean jokatuko dute Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta Iñaki Artolarekin batera bikote gipuzkoarra osatuko du Lehen Mailan ere.
Asteburuko jaialdiak atzo zehaztu zituzten enpresek. Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Martinez de Irujo-Rezustaren arteko dema larunbatean jokatuko da Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Jaialdia 17.30ean hasiko da, hiru partidak osatuko dute, eta material aukeraketa asteazkenean egingo dute, 11.30ean. Igandeko jaialdia, berriz, 17.00etan hasiko da, hor ere hiru neurketa jokatuko dituzte, eta pilota hautaketa ostegunean egingo dute 11.30ean hasita.
Ligaxka osoa zehaztuta
Aspek eta Asegarcek hurrengo jardunaldien berri ere eman zuten atzo. Hala, finalerdietako bigarren jardunaldiko partidak martxoaren 19an Labriten (Olaizola II.a-Urrutikoetxearen partida) eta 20an Eibarren (Irujo-Rezustarena) jokatuko dira; eta hirugarren jardunaldikoak 26an Labriten eta 27an Gasteizen (biak zehazteke). Final nagusia apirilaren 10ean iritsiko da Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Sarrera salmentaren xehetasunak eta jaialdiaren nondik norakoak datozen egunetan jakinaraziko dituzte antolatzaileek.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
