«Joxemiel Bidador-Iruñeko Euskaldunak Pastorala» Barañainen, hilaren 19an
Iruñerrian eskainiko duen azken emanaldia izango da Barañaingoa. Ondoren, Gotaineko Xiru jaialdian izango da eta azken hitzordua Bilbon finkatu dute, Loraldiaren barruan, apirilean.
“Joxemiel Bidador-Iruñeko Euskaldunak Pastorala” joan den urrian estreinatu zen Nafarroako hiriburuan. Jon Alonsok idatzia, 70etik gora lagunen parte hartzea izan zuen Iruñeko euskaltzalearen bueltan sortutako istorioan oinarrituriko ikuskizunak. Iruñeko Alde Zaharrean izan zuen estreinaldia obra berriak, Burgoen plazan zehazki, eta jendetza batu zen. «Egun zoragarria atera zen, eguraldi on-ona. Alde horretatik oso ondo atera zen», gogoratu du Kike Diez de Ulzurrun ekoizleak.
2014ko maiatzean sortu zen pastorala egiteko ideia eta kasik bi urte eman dute lanean obra osoa prestatzeko. 2015eko urtarrilean hasi ziren dantzari, kantari eta aktoreekin entseguak eta hamar hilabetera estreinatu zen lana. Urritik ez dute emanaldi gehiago eskaini. Datozen asteetan, ordea, ikuskizunaren dinamika berrartuko dute Euskal Herriko zenbait lekutan eskainiko dituzten ikuskizunekin.
Iruñerrian azken emanaldi bat emango dute martxoaren 19an, Barañaingo auditoriumean. Izan ere, pastorala, izatez, plaza irekian eskaintzen den obra, oholtza estalira eramango dute hurrengo larunbatean. Pentsa daiteke pastoralaren egituran moldaketa zenbait egin behar izan direla, baina alde horretatik ez dute arazorik izan. «Ez dago aldaketarik aurreko emanalditik. Aurrekoa plaza zabalean egin genuen, pastoralak berez plaza irekian eman behar direlako. Baina deitu ziguten Barañaingo auditoriumetik, ea han emango ote genuen. Joan ginen eta oso agertoki zabala eta handia du, oso egokia gurea bezalako ikuskizun bat emateko. Tuterako lau erraldoiak ere erraz sartzen dira eta Iruñerrian bukatzeko Barañainen eskainiko dugu azken emanaldia», gaineratu du Diez de Ulzurrunek.
Ikuskizuna arratsaldeko zortzietan abiatuko da eta sarrerak dagoeneko salgai daude Iruñeko Karrikiri euskal dendan eta Barañaingo auditoriumeko webgunean –Auditoriobaranain.com– 10 euroan aurretiko salmentan.
Ez da, ostera, hurrengo asteetarako aurreikusitako hitzordu bakarra. Pastorala Gotainera (Zuberoa) joango da astebete geroago. Hilaren 27an eskainiko da, Xiru festibalaren barruan. Azken emanaldi bat ere izango da; kasu horretan Bilbon, apirilaren 9an, Loraldia jaialdi kulturalaren barruan.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
