A.A.
DONOSTIA

68ko iraultzak Euskal Herrian izan zuen eragina aztertu du Iñaki Aldekoak

Ur Apalategi Utriusque Vasconiaeko editorearen hitzetan, «loturak egiteko idatzia» dagoen kontakizuna da Iñaki Aldekoaren “68ko Belaunaldia. Politika, kultura eta beste mamu batzuk”. Saiakera edo «ideien historia» generoaren barruan kokatzen den argitalpenak «68aren inguruan kokatzen den aro zabaletik erreskatatu dituen gertakizunen artean egiten du lotura», eta, batik bat, Estatu frantsesean izan zen mugimendu iraultzaile hark Euskal Herrian izan zuen eragina aztertzea du helburu.

Liburuaren aurkezpenean Aldekoak azaldu zuenez, argitalpenean erreferentzia eta datu historiko ezberdinak uztartuz garaiaren azterketa politiko eta kulturala egitea izan du xede eta horretarako hainbat autoreren lanak ere erabili ditu, Gabriel Aresti, Ramon Saizarbitoria edota Bernardo Atxaga tartean, «baina ez zuzenean literaturaz hitz egiteko, baizik eta euren diskurtsoak ezer aporta dezakeelako».

Aldekoak gogora ekarri zuen 68ko iraultza hura Euskal Herrira «beranduago» etorri zela, «frankismoaren ondorioz Estatu espainola atzeratua baitzegoen, Parisen hamar urte lehenago bizi izan zirenak berandu iritsi ziren gurera». Hala, saiakera hiru zatitan banatu du Aldekoak: lehenean, 60ko hamarkadan politika, erlijio zein kultura alorrean «ireki ziren horizonte berriak» aztertu ditu, bigarrenean «eredugarria izan omen zen trantsizio hura» ardatz hartu eta garaiko aldaketa soziologikoez dihardu, eta hirugarrenean 90eko hamarkadako «kultur joerak eta ohituren aldaketak» aztertu ditu: «Ideologia zaharrek jada ez zuten balio ekologia, feminismoa edo antinuklearrena gisako mugimendu berriak ulertzeko», azaldu zuen.