Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Psikopaten Europa

Nazkagarriak zarete. Akabo orain arte zuzendu dizkizuegun «burokrata» edo «ezgai» izenondoen erabilera. Zuon jarrerak jada ez dira axolagabeak edo epelak besterik ez, higuingarriak baizik, eta darabiltzazuen politikek gorrotoa besterik ez dute eragiten. Ez zaitezte ausartu gure izenean hitz egitera, aspaldi utzi baitzenioten gure ordezkari izateari, aspaldi galdu zenuten Europa osatzen dugun herritarron izenean aritzeko zilegitasuna. Errotik ezabatu dituzue kontinente zaharraren zutabeak eta Lego piezekin jolasten arituko bazinete bezala eraikitzen ari zareten zuon jauregiak ez dauka zerikusirik Europa sozialarekin; psikopata batek ere ez luke zuon moduko harresirik eraikiko, ondokoen eraikinen piezak bonben azpian suntsitu eta piezak gainera jausita hiltzen ari direnei muzin eginez.

Gauza bakarra opa dizuet. Eror dadila zuon gainera gure demokrazien oinarri den Grezia zaharraren historia bere pisu osoarekin. Bilaka daitezela zuon bizitzak egun Idomeni den infernua. Odolustu zaiteztela zuok jasotako hesietan, berauetan eskuak iltzatzen zaizkizuela eta ez zaitzatela sekula loak hartu; eta euripean, lokatz artean desegiten diren oihal ahulen azpian gaixo diren haurren negarrek zuon kontzientziak kolpatuko dituen betiko insomnioaz bizitzera kondenatuak izan zaiteztela.