Borobilkeriak
Borobil formak erakartzen gaitu, ez dakigu zergatik, baina horrela da. Karratuen ertzek min egiten dute, hizki kurbatuak maite ditugu, ipurdi borobilak eta borobil formako haragi zatiak, eta borobil ez dena borobil ikusi nahi dugu, mundua bera kasu. Horregatik, International Surfing Association erakundeko lehendakaria den Fernando Agerre argentinarrak ehun bazkide izateko duen gogoa uler dezaket. Buruan zenbaki borobil bat du bueltaka, eta helburua lortu arte ez da zirkunferentzia itxiko.
Surfari kirol estatusa eman eta Olinpiar Jokoetan parte hartzeko lan egiten duen ISA erakundea mundu mailako surf federazio homologatu bakarra da. Herrialdeka munduko txapelketak antolatzeko eskumena duen erakundea da eta bere baitan biltzen ditu munduko selekzio desberdinak. Herrialde dirudunetako zein txiroetako selekzioak daude, olatu bikainak dituztenak zein itsasorik ere ez duten herrialdeetako banderek osatzen dute ISAko kideen zerrenda. Guztira 98 herrialde daude. Zerrendan atxiki den azken herrialdea, Sierra Leona izan da.
Ehun zenbakira iristeko hain gertu egonda, Agerrek bere helburua lortzeko bide zuzenena hartzeko tentazioa izan zezakeelakoan nengoen, beraz, saiakera egin nuen. Kontua da ISAko lehendakariari idatzi niola ea estaturik gabeko nazioek mundu mailan lehiatu zezaketen galdetzeko. Euskal Herriaren berri eman nion, bi estaturen menpe gaudela baina gure federazio eta selekzio propioak ditugula, Frantzian bizi diren surflari euskaldunak ez direla kexu federazio indartsu batek laguntzen dituelako, baina hegoaldean, Espainiako federazioa Euskal Herrikoa baino eskasagoa dela, esperientzia gutxiago duela, gaizki antolatuta dagoela, eta finean, haiekin, irabazteko baino galtzeko gehiago daukagula kontatzen nion. Beraz, Tahiti edo Hawaiiko adibideak hartuta, beste estatu baten menpe egon arren, Nazio garenez, ea ISAko zerrendan sartzeko aukerarik bagenuen galdegiten nuen.
Ez nuen uste erantzungo zidatenik, baina Alex Reynolds ISAko koordinatzaileak erantzun zidan. ISAko kide izateko estatutuek zer dioten esaten zidan eta estaturik gabeko herrialdeen selekzioak ez direla aintzat hartzen dioen artikulu zatia igorri zidan. Tira, banekien erantzuna, baina saiatzeagatik ez da ezer galtzen. Orain federazio gisa zuzendu behar gatzaizkie, galdera bera egiteko, nahiz eta erantzun bera jasoko dugula jakin. Zarautzen egingo den munduko surf txapelketa ikustera gonbidatuko ditugu, harremanak saretzen joan eta ezagut gaitzaten. Noizbait, txapelketa ez ofizial batean parte hartzera gonbidatuko gaituzte, agian, eta beranduago, gure selekzioarekin parte hartu ahal izango dugu, ziur. Eta orduan, Espainiako Selekzioak orain dagoena baino postu okerragoan jarraituko du ranking ofizialean, Jamaika edo Nigeria bezalako herrialdeen atzetik, eta Frantziak postu bat galduko du, hain zuzen ere Euskal Herriak ebatsiko diona, zeren Europan lehen indarra izateko aukera asko genuke. Ametsak dira bai, baina gauza daitezke. Gozategik dioen moduan, «borobila da mundua, ederra bizimodua,...», ekin diezaiogun ba, hasitako bidea borobiltzeari, istorio eder hau borobil amai dadin.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
