GARA
BILBO

Pre-FANTek zikloa eskainiko dio fantasiazko zinema frantsesari

FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 22. edizioak Pre-FANT egitaraua antolatu du aurten ere, apirilaren 27tik maiatzaren 1era, BBK aretoan eta Bidebarrietako liburutegian, doako sarrerarekin. Oraingoan, generoko zinema frantsesari buruzko ziklo bat eta Sitgeseko zinemaldiko azken edizioan eman ziren lau film eskainiko dituen Sitges Tour a Contracorriente ekimena izango ditu.

Programazioa apirilaren 27an hasiko da, Jordi Ojeda robotika adituak Bidebarrieta kulturgunean eskainiko duen hitzaldiarekin. Unibertsitateko irakaslea den industria ingeniaria ezaguna da artea, komikiak eta zinema defendatzen dituelako zientzia eta teknologia hobeto hedatzeko, prestakuntza akademikoa interesgarriago bilakatzeko eta bokazio zientifikoak pizteko. “Paradojas temporales en el cine de ciencia ficción” hitzaldia 19.30ean hasiko da eta sarrera librea izango da.

Halaber, Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzarekin BBK aretoan eskainiko den zinema frantseseko zikloan hiru film luze eskainiko dira: “Mauvais sang”, 1986an Leos Caraxek egin zuen kultuzko filma, Lucas Belvauxen “Rapt” (2009) eta Helene Catteten eta Fruno Forzaniren “L'Etrange couleour des larmes de ton corps” (2013). Gainera, fantasiazko zenbait film labur ere eskainiko dira. Zikloa apirilaren 28tik maiatzaren 1era izango da, BBK aretoan, egunero, 19.00etatik aurrera.

BBK aretoko programazioa beste zinema saio batekin osatuko da. Contracorriente Films ekoiztetxeak martxan jarritako ekimenean, Sitgesko zinemaldiaren azken edizioan eskaini ziren zenbait film Estatuko hainbat zinema aretotan zabalduko dira, modu ibiltarian. Horrela, orain arte zinema aretoetan ikusi ez diren eta Pre-FANTen pantaila handian gozatu ahal izango diren lau filmak hauek dira: Kristian Levringen “The salvation” (2014), Cedric Angerren “La prochaine fois je viserai le coeur” (2014), Brian Jamesen “Bloodsucking bastards” (2015) eta Anouk Whissellen, François Simarden eta Yoann-Karl Whissellen “Turbokid” (2015).