GARA
GASTEIZ

Jada ate joka den Araba Euskaraz jaiko abestiaren bideoklipa aurkeztu dute

Ekainaren 19an, Lautada ikastolak antolatuta, Araba Euskaraz jaia hartuko du Agurainek. “Geroari begira” izango da jaiaren leloa, eta baita atzo aurkeztu zuten abestiaren bideokliparen izenburua ere. Gasteizen egindako aurkezpenean, Xabier Arrieta, Euskal Herriko Ikastolen ordezkaria; Txus Rodriguez, Lautada ikastolako zuzendaria; Rubi Rock, bideokliparen zuzendaria; eta Mikel Kowalski, produkzio zuzendaria egon ziren.

Rodriguezek adierazi zuenez, «oso garbi izan dugu beti Araba Euskaraz jai parte hartzailea izatea nahi dugula eta irizpide hori mantendu dugu edizio honetako abestiarekin ere». Abestian parte hartu duten lagunak asko izan direla azaldu zuen, eta horiek guztiak nortzuk izan diren ezagutu ahalko da, bideokliparen bukaeran agertzen baitira.

Horrekin batera, letraren egilea den Iker Pastorren lana aipatu zuen Rodriguezek, eta eskerrak eman zizkion «ikastolako ikasleek egindako ekarpenak eta plazaratutako ideiak jasota geratu baitira, eta era horretan elkarlanean produktu egokia atera baita».

Rubi Rock zuzendariak, bere aldetik, adierazi zuen beraientzat Araba Euskaraz jaiaren bideoklipa egitea «ohorea» izan dela eta «harro» sentitzen direla lan hau beraien filmografiara gehitu ahal izateaz. «Oso esperientzia polita dela esan nahi dugu, gehienetan beste arlo batzuetan mugitu izan baikara eta oraingo honetan umeekin grabazioa egitea benetan plazera izan baita», gaineratu zuen.