Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Zenbait ohar tribuaz, familiaz eta matxismoaz

Anna Gabrielen kontra oldartu dira Apokalipsiaren zazpi zaldunak, amatasunaren, tribuaren eta familien inguruan esandakoa dela eta. Duela gutti, hilerokoaren inguruko hausnarketa izan zen beste erasorako aitzakia. Kontua ez baita Annak edo CUPeko beste lagunek esan dutenarekin ados egotea ala ez, satanizazioaren jokoan erortzea baizik. Aitzakiak dira, aitzakia zitalak, eredu matxista, misogino eta atzerakoiak zuritu eta ofentsiban jartzeko. Batzuen matxismoaren kontrako borroka eta beste batzuen matxismoaren justifikazioa, hori da lehertzen ari dena. Zeharkako justifikazioa, jakina, koldarra askotan, baita postmodernitatez mozorrotuta ere, baina azken finean patriarkatuaren nagusitasuna luzatzeko saioa. Ezin dute esan feminismoa dutela etsai, berdintasunaren beldur direla, eredu gisa dutela emakumeen menpekotasuna, hori dena ezkutatu behar dute eta, beraz, lehia beste termino batzuetan kokatu behar dute. Horregatik, erasoen atzean aitzakiak baino ez daude.

Kasu honetan, obsesio atzerakoi guziak biltzen direla dirudi. Tribua, hau da, barbaroen talde prototipikoa, jendarte zibilizatu-txuri-burges-matxistaren deabrua. Ikuspegi komunitarioa, neoliberalismoak ezabatu nahi duena. Eta emakumearen ahotsa, soportatzen ez dutena, are guttiago amatasunaz nahi duena esaten duelarik.

Oso sintomatikoa da, hagitz argigarria. Ezeroso daude jendarte aldaketaz, amorrua sentitzen dute matxismoa behatzaz seinalatzen delarik, eta horregatik, edozein aukera baliatzen dute bihotzerrea adierazteko. Gorrotoa atzematen da hitz batzuen atzean, gorroto matxista nazkagarria, lotsagarria.

Tribuak baino administrazio kontseilu ustelak nahiago dituzte, amatasun askea baino familia autoritarioa… Ezagutzen ditugu. Eskuina da. Eskuin ideologiko-politiko-ekonomiko-filosofiko-kulturala. Asko kostatu zaigu beren nagusitasuna kolokan jartzea eta ez gaude gibelera egiteko prest. Aupa, Anna, tribu eta familia eredu berriak!