Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Barrukoa etxerako

Esanaren esanaz, mantra bat dirudi: «Emakumeekiko indarkeria gure garaiko eskubide-urraketa hedatu eta gaitzesgarriena da; horri aurre egiteko eginkizuna herri-erakundeena ez ezik, jendarte osoarena ere bada». Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Politiketako sailburuak zioen joan den astean, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeei informazioa zein laguntza emateko EAEko telefono-zerbitzuaren hamargarren urteurrenaren harira. Prentsaurrekoan, datu txarrak besterik ez, alegia, dei-kopuruak gora egin duela: «Tamalez, genero-indarkeria gora egiten ari da». Horra ondorioa, ulergaitzaren ulergaitzaz edonor adoregabetuta uzteko modukoa.

Ez baita samurra barneratzea, jendarte-mailan sekula baino kontzientziatuago eta sentsibilizatuago egonik eta inoizko baliabide-sortarik zabalena edukirik, emakumeok gizonezkoen bortxakeriaren jomugan segitzen dugula, ez dirudiela pentsaerak nahiz jokabideak eraldatzeko azken hamarkadotako lana fruituak ematen ari denik. Gazteen arteko jarrerak eta jokamoldeak horren adibide: jeloskortasuna benetako maitasunaren seinaletzat eta bikotekideak egikarituriko kontrola normaltzat jotzea, kasu. Bereziki kezkagarria da, garbi erakusten digun neurrian androzentrismoan oinarrituriko ez bestelako balioen transmisioan zer edo zer huts egiten ari dela, zer edo zer ez garela ondo egiten ari.

Izan ere, esparru guztietan beharrean gabiltza emakumeon burujabetasuna sustatzeko eta finkatzeko, harreman parekide eta osasungarriak eraikitzen ikasteko, eta irakasteko. Trebatuago gaude indarkeriarik handienaz eta (ustez) txikienaz jabetzen, eta ozenki zalantzen ditugu, zigorgabetasunaren aroa bukatu egin delako mezua zabaltzearren. Erneago eta indartsuago gaude, emakumeok kolektibo gisa, baina badirudi hezur-haragizko asko eta askoren etxe barruko errealitateak bere horretan jarraitzen duela, eta lantokikoa, eta kalekoa… Hortaz, zer ari zaigu ihes egiten? Zergatik ez digute kontatzen herri-erakundeen ordezkariek genero-indarkeria urtetik urtera gero eta urriagoa dela?

Besteak beste, irudipena daukat, oro har gizon eta emakumeon berdintasunaren arloan, gizonezko ugarik ikasi duela etxetik kanpora «politikoki zuzenaren» barruan mugitzen, benetako iritzia beretzat gordetzen… eta horren araberako jokamoldea ondokoei baino ez eskaintzen, ezkutuan. Gauza bat gainetik margotu izan bagenu bezala, baina muina bere horretan utzita.