Iruñeko Alde Zaharreko historia eta arkitektura ezagutzeko ibilbide gidatua

Civivox sareak Iruñeko erdigune historikoko historia eta arkitektura ezagutzeko euskarazko bisitaldi gidatua antolatu du datorren asteazkenerako. Ibilbideak XVI. mendeko bi jauregi errenazentista eta XVII. mendean eraikitako baina estilo zeharo ezberdinetako (barrokoa, rokokoa, klasizista...) beste lau bilduko ditu. Iruñeko Udalak ohar bidez azaldu duenez, erdiguneko hiru kaletan nabarmentzen da jauregietan oinarritutako arkitektura: Kale Nagusian, Zapateria kalean eta Navarrerian. Hala ere, Gaztelu plazan eta Estafetan ere arkitektura mota honen «zenbait eredu bikain» badirela zehaztu dute, «nahiz eta jauregi gisa izendatzen ditugun eraikin hauek nagusiki Premuen Etxebizitza Nagusiak diren». Hala, hiriko benetako jauregi bakarrak antzinako Nafarroako errege-erreginen jauregia –egun Nafarroako Errege Artxibo Nagusia– eta artzapezpiku-jauregia direla nabarmendu dute.
Bisitaldian zehar, eraikin horiek Erdi Aroko «hirigintza errespetatuz» eta «garaian prozesio guztiak pasatzen ziren guneetan» egin zirela azalduko da.
Ibilbidea eguerdian abiatuko da Kale Nagusitik, bisitaldiak ordubeteko iraupena izango du eta parte hartu nahi duenak Civivoxetan izena eman eta bi euro ordaindu beharko ditu. Bisitaldian, gehienez, 25 pertsonak parte hartu ahalko dute.
Ibilbidea
Iruñeko arkitekturari errepasoa egiteko lehen geldialdia Condestable jauregian (Kale Nagusia, 2) egingo da. Luis de Beaumontek eraiki zuen XVI. mendean eta 2007an amaitu zituzten berriztapen lanak. Handik, Redin-Cruzat jauregira abiatuko dira bisitariak; Udaletik azaldu dute laster abiatuko direla jauregi errenazentista berritzeko lanak.
Mende bat eta hiru arkitektura estilo jasoko ditu bisitaldiaren bigarren zatiak. Zapateria kalean bi jauregiren gaineko zehaztapenak emango dituzte, horietako bat klasizista eta bestea barrokoa. Gaztelu plazan, Goyeneche jauregia bisitatuko dute eta, denborarik balego, Rozalejoko Markesarena ere ikusi ahalko dela gaineratu dute.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
