Maider IANTZI
DONOSTIA
Entrevue
JON AGIRRE
KAIKU KOOPERATIBAKO LEHENDAKARIORDEA

«Soluzioa gure esku dago; elkartu egin behar dugu»

Argazkian ageri den taldeak, tartean Legutioko Jon Agirrek, lehen sektoreari zuzendutako Nardiz 2016 saria jaso du Kaiku kooperatibaren izenean. 60 urteko historiaren aitorpena da. Tokian tokiko talde txikietatik hasi eta mila familiako kooperatiba «egonkor eta indartsu» batera iritsi arteko bidearena.

Jon Agirrek hala ikusten du Kaiku kooperatiba, sendo. Orain, beren erronka, esnearen salmenta egonkortuta dutenez, ondoan dituzten aktoreekin (genetikako elkarteak, kudeaketa zentroak, baita sindikatuak ere) harremanetan jarri eta sektorea indartzea da.

Zer moduz hartu duzue saria?

Nire ikuspuntutik, inguruko esplotazio batzuekin izandako jarrerarekin lotuta dago saria. Esnea jaso gabe gelditu diren esplotazioak taldean sartu eta beren egoera pixka bat leuntzea edo hobetzea lortu dugu. Euskal Herriko abeltzain gehien biltzen dituen kooperatiba gara, badugu gure betebehar soziala baserritarrekin eta langileekin, inguruan ditugun enpresen bitartez.

Esnea jaso gabe gelditu diren eta taldean sartu dituzuen esplotazioen adibiderik jartzerik baduzu?

Araban bi talde ziren eta biak sartu dira aurten. Bata Gasteiz ingurukoa da eta bestea, Aiarakoa. Karrantzako talde batekin hasi gara lanean, baita Nafarroako bana-banako abeltzain batzuekin ere. Ahal izan dugun neurrian eta gure emaitzen kontrako erabakia izanda ere, behar ez dugun esnea hartu dugu elkartasunagatik.

Abeltzain gehien biltzen dituen kooperatiba zaretela aipatu duzu. Zenbat kide zarete?

Ez da kooperatiba bakarrik; taldea da. Batzuek zuzenean parte hartzen dute kooperatiban eta beste batzuek, aldiz, industrian, Iparlat-en bidez. Orokorrean hartuta, Gipuzkoan %100era iristen gara; Araban ere bai ia-ia; Bizkaian %60 hartzen dugu, edo gehiago, Karrantzan gero eta gehiago sartzen ari direlako; eta Nafarroan, %40 inguru.

Eta kooperatibaren barrenean zenbat bazkide zarete?

380 bat bazkide edo ustiategi gara, baina kontuan hartu behar da horiek gero eta asoziatiboagoak direla. Ukuilu bakoitzean normalean bizpahiru kide dira. Orduan, gutxi gorabehera mila familia izango gara bazkide. Horiez gain, esan bezala, esnea zuzenean Iparlatera eramaten dutenak daude.

Halako zifrekin, ardura handia duzue.

Izan behar dugu, azken batean kooperatiba gara eta oraindik filosofia horri eusten diogu. Emaitzei begiratu behar zaie, jakina, baina horretarako dago industria, Iparlat edo Kaiku Korporazioa. Guk oreka bilatu behar dugu: emaitzak bai, baina garena izanda, abeltzainak.

Zenbat esne ekoizten duzue?

Kooperatiban urtean gutxi gorabehera 175 milioi litro esne ekoizten ditugu. Momentu honetan litroa 35 bat zentimotan ari gara saltzen.

Merkatuari dagokionez, Tunisian eta Txilen ere bazaudete.

Bai. Ez kooperatiba zuzenean, baizik eta Kaiku Korporazioa. Txilen aspalditik dago, hemen dugun ereduarekin. Gertatzen dena da hango abeltzainak ez direla gu bezalakoak. Jabeak dira eta langileak dituzte. Antolatu eta industria batean parte hartzen dute. Tunisian, aldiz, zortzi bat urte darama. Garapen oso-oso handia izan du azken urteotan salmenten aldetik.

Nola eragin dizue Europar Batasunak orain dela urtebete esnearen kuotak kendu izanak?

Oso kalterako izan da. Lehen esan dut gu hobetoxeago defendatzen garela hobeto antolatuta gaudelako, baina denok joera bera izan dugu. Prezioak dezente jaitsi dira eta, gainera, ez da etorkizun onik ikusten. Badaude herrialde batzuk eta Estatu mailan esplotazio batzuk produkzioa handitzen ari direnak, eta betiko ekoizpenek, txikiagoek, familienek, ez dute aukera gehiegirik handitzeko. Euskal Herrian, Nafarroa hegoaldea kenduta, muga handiak ditugu. Azpiegiturak eta orografia direla-eta ezin ditugu esplotazioak handitu. Hala ezin dugu gehiago produzitu, ezin eta agian ezta nahi ere, baina prezioa behera doa eta ez bada kooperatibaren bidez edo industrietan daukagun presentziaren bidez ez dago zer eginik.

Aurtengo apirilean, Europako Batzordeak produkzioa arautzeko akordioak egiteko baimena eman die esnearen sektoreko antolakundeei. Zer iruditzen zaizu?

Gobernuek ez dute kuotarik jarriko, jakina, eta industriak egingo du. Bagenekien hala izango zela. Merkatu libre batean bizi gara. Orain produkzioa aldi baterako uzteko pizgarriak ematea planteatzen ari dira. Aldi baterako horiek behin-betikoak izango direla uste dut. Ez dago etekinik eta jendea kentzen saiatzen ari dira.

Zure ustez, zein izanen litzateke irtenbidea?

Nire iritziz, estatuek ekonomia, orokorrean, kontrolatu beharko lukete goitik behera. Baina gobernuek ez dute soluziorik emango eta, neurri handi batean, gure esku dago. Elkartu egin behar dugu bai esnea biltzeko eta saltzeko, bai zerbitzuak jasotzeko, bai erosketak egiteko, bai hobekuntza genetikorako. Kooperatiban egiten saiatzen ari garena hobetu behar dugu.