Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Zer ikusi, hura ikasi praktikatzearena

Gizon eta andrazko bat nituen ondoan elkarrizketa bizian; alardea aitzakia hartuta, feminismoaz eta gizonek eremu horretan jokatu beharreko paperaz ari ziren. Gizonak zioen, hastapenetik argi utzita feminismoaren erabat aldekoa zela, feministok akats handi bat egiten dugula: jendarteko eremu guztietan egon nahi eta behar dugula aldarrikatzearekin batera, esparru zenbait guretzat baino ez gorde (hainbat ekimen, ekitaldi, etab.), gizon orori muzin eginez bezala. Adibide batzuen artean, serio demonio jarri zuen zilegi zela emakumeek alardean soldadu jantzita parte hartzea, baina eurentzat beti izango zela ezinezkoa kantinera izatea, eta horretan inortxok ez zuela tutik ere esaten (emakumeak zur eta lur begiratzen zion, eta galdetu zion zergatik nahiko luketen gizonek emakumeok jasaten dugun «beste sexuak miresteko eta desiratzeko objektutzat hartua» izatearen bidea jorratu). Hortik aurrera solasaldia gure esparruen vs zuen esparruen lehia surrealista bilakatu zitzaien.

Hain zuzen ere, esparruak izan dira hizpide berriki gazteen eta genero-rolen inguruan aurkeztutako ikerketa baten harira; zehazki, futbola eta jaiak. Ez zarete harritu jakitean eremu horietan norbere sexuari dagozkion rol zaharrei eusten dietela gazteek, hausturak egon badaudela, baina oraindik txikiak eta motelak direla. Kezkagarriena, ordea, teoriaren eta praktikaren artean duten jokabide-aldea da, hau da, sexuen arteko berdintasunaren eta lotzen zaion guztiaren gainekoa argi badute ere, bestela jokatzen dute (ia arlo guztietan). Garbi edukitzeak ez duelako zertan ekarri benetan barneratua izatea, eta horren arabera jardutea; zuzena zer den jakiteak ez duelako zertan sorrarazi horrekiko kontzientzia irmoa, eta erantzukizuna; ondorioz, ez du zertan eragin norberarekiko zein besteekiko zuzentasunaren eta justiziaren aldeko jarrera aktiboa. Ez gazteengan, ez helduongan.

Izan ere, zer gertatzen ari da batzuk eta besteak lausotzen hasiak diren eremuen arteko mugez beste salto egiten dugunean. Hau da, zerk eragiten du emakumeek (eta neskatilek atzetik) gizonek jokatzen duten bezala jokatzea eta zerk gizonek (eta mutikoek) beste hainbeste egitea, «bestearena» den esparruan. Hor dago koska, agian eremuetan presentzia izatea, esparruak irabaziz joatea, ez dela benetan genero-ikuspegitik lantzen ari, baizik eta sexuen arteko nolabaiteko norgehiagoka gisa. Esparruok geure egin beharrean, “zer ikusi, hura ikasi” praktikatuz, eta horra betiko ereduetan oinarritutako integrazioa.