GARA
ATENAS

Iheslari kopurua boskoiztu egin du Turkiako kolpe ahaleginak

Cristiana Kaloyiru Greziako Ipar Egeo eskualdeko gobernadoreak atzo esan zuenez, itsaso horretako uharteetan eraiki diren atxilotze zentroak lepo eginda daude eta dagoeneko ezin dute errefuxiatu gehiago hartu. Iturri horren arabera, Turkian uztailaren 15ean egin zen estatu-kolpe ahaleginaren ondorioz boskoiztu egin da errefuxiatuen kopurua.

Samos, Kios eta Lesbos daude Ipar Egeoko uharteen artean. Turkiatik oso gertu daudenez, milaka lagunek irla horiek aukeratu izan dituzte Ekialde Hurbileko gatazkak eta miseria atzean utzi eta Europan etorkizun hobea aurkitzeko ahaleginean.

Cristiana Kaloyiru gobernadoreak atzo Vima FM irratiari esan zionez, uharte horietako atxilotze zentroak erabat beteta daude eta dagoeneko ez dute lekurik iheslari gehiago hartzeko.

Zentro askotan, teorian har zezaketen iheslari kopurua bikoiztuta dute eta egoera horretan ez dago pertsona horiei tratu duinik emateko aukerarik.

Samos uharteko zentroan, esaterako, 850 ohe baino ez dituzte, eta une honetan 1.340 migratzaile daude bertan nolabait pilatuta. Kiosen egoera larriagoa da, 1.100 lagun hartzeko gaitasuna duten instalazioetan 2.598 baitaude momentu honetan. Lesbos uhartekoa da zentrorik handiena, 3.500 errefuxiatu hartzeko gai baita, baina bertan ere kopuru hori gainditu eta ia 4.000 pertsonara iritsita daude.

Turkiako kolpea

Gainera, Europar Batasunak eta Turkiak sinatu zuten itunaren eraginez, uste zen Greziako uharteetatik barrena Europara iristen saiatuko ziren pertsonen kopuruak behera egingo zuela, baina Ekialde Hurbilean egun batetik bestera gaiztotzen dira egoerak eta azken asteotan Turkian estatu-kolpe ahalegin bat izan dute, eta ondorengo neurririk gabeko errepresioa.

Horrek eragin du, Kaloyiruk emandako datuen arabera, uztailaren 15az geroztik Egeoko uharteetara iristen diren errefuxiatuen kopurua boskoiztea. Atzo bertan 34 iheslari erreskatatu zituzten kostazainek Lesbosen, eta beste 51 pertsona Kios uhartean asteburuan.

Yorgos Kyritsis Koseko alkateak eskutitza igorri die Alexis Tsipras Greziako lehen ministroari eta Kyriakos Mitsotakis oposizioburuari uharteetako turismoak bizi duen egoera negargarriaren inguruan neurriak har ditzaten, horrenbeste iheslari hartzea irla horientzat oso kaltegarria delakoan.

Bost hildako Sizilian

Bost etorkin hil dira Siziliako itsasartean, eta 1.100 lagun inguru erreskatatu dituzte azken orduetan Italiako kostazainek. Aurten 90.000 etorkin iritsi dira itsasoz Italiara.