Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Dagoena dago, biharkoaren bidean

Bukatu da, bukatu da, bukatu da, se acabó»… kanpainaz nago, politikaren inguruko jarduera serioak ez duelako etenik. Biharko arazoak atzoko berak dira; hortaz, gaurko gauak utziko digun erradiografiak arazooi eusteko ditugun aukerak argituko dizkigu. Akabo inkestak, erradiografia gaua da gaurkoa, nork bere gorputzaren sanoa neurtzekoa, enbor zein adarretakoa. Hortaz, poeta gogoan, txarto egotea baino txarragoa da mediku txarra izatea. Agian, epe motzean beste aukera gehiago zabal litezke; baina gaur dagoena dago, eta ez dagoena balego. Eta bihar astelehena.

Bero-bero ibiliko dira gauean kalkulagailuak hainbat sukaldetan, eri-muturren indarpean, ditxosozko egonkortasuna bermatuko duen aritmetika politikoak asmatu guran, dezimalak eta guzti. Akabo botoak, zakarrontzira paperak, eserlekuak dira orain kontua! Hamaika entzuteko izango gara, gero! Egunotan plazetan entzundako printzipioak, berez, finalak zirela ere entzun beharko, seguruenik. Baina iraunkortasun kontuetan, kasuko, aurretik erantzun beharreko galdera «zer nahi dugu iraunarazi?» baldin bada, egonkortasun kontuetan hauxe beharko galdera: ‘zer nahi dugu egonkortu?’. Ezin baita egonkortu, ganoraren esparruan behinik behin, ustez aldatu nahi den egoera.

Tira, kanpainak utzitakoen harira! Bizikleta izan da hitzezko tirabira batzuen ardatza. Estatikoa erabiltzen dutenek salaketa ukatu, ezetz!, eurena mountain bike edo mendiko bizikleta dela. Okurrentzia gero, batzuek ordekara jo dugunean jelkideek mendira jo! Bi-ke hori modu subliminalean erabili dutelakoan nago, aldebikotasun zer horretan tematzen segitzeko. Eta zer esan auzitegiko medikuen hizkuntza eskakizunaz? Ee? Nonbait, gaztelera nahiko autopsietan! Penagarria, halako sozialiston ganora! Eta hildakoa euskalduna bazen? Ee? Errespetua, arren!