J.O.
ALTSASU

Bai jokoan bai ligaxkan aurrerapausoa eman du Ezkurdiak

RETEGI BI 11

EZKURDIA 22


Ezkurdiak berak esana zuen partidaren atarian: txapelketan aurrera egiteko Iker Arretxeren aurka Lekunberrin jokatutakoa baino askoz gehiago jokatu beharko zuen. Bada, egin zituen huts batzuk nabarmenak izan ziren arren eta Julen Retegik berak ere ohikoak dituen baino erraztasun gehiago eman zizkion arren, helburua beteta joan zen ostiralean etxera Arbizukoa.

Saketik hasita, pilota bost egun lehenago eman ez zion abiaduran irten zitzaion eskutik Ezkurdiari eta arerioa mendean izan zuen hasieratik. Tantoak amaitzerakoan ere asmatu egin zuen eta garaipen ona eskuratu zuen.

Hasi eta buka

Ondo ekin zion Ezkurdiak partidari eta 1-6 aurreratu zen markagailuan. Baina Julen Retegi ere ohikoa baino ausartago irten zen kantxara, eta, tanto on batzuk eskuratu ostean, bi tantora urbildu zitzaion.

Normalean defentsan oso ondo aritzen diren bi pilotari izan arren, partida azkar joan zen, biek hala biek huts handi xamarrak egin zituztelako. 7-10ekoan eskura zuen tanto bat galdu zuen Eratsungoak eta partidatik irten zen. Ezkurdiak ez zuen barkatu eta ia zuzenean joan zen 22. kartoira, arerioari ezertarako aukerarik eman gabe.