Jon LEUNDA
sokatira

Faborito guztiak izango dira 320ko finalean

Ezuste gutxi izan da Euskal Herriko Goma Gaineko Lauko Txapelketako bigarren jardunaldian, eta hasieran iragartzen ziren taldeak lehiatuko dira datorren asteburuan jokatuko den 320ko finalean. Beti Gazte, Ñapurrak, Ibarra B, Murueta A, Ibarra A eta Txantrea sailkatu dira txapelaren bila lehiatzeko.

Aurreneko multzoan, berriro ere Murueta A izan da onena, jokatutako tiraldi guztiak irabazita. Bigarren sailkatu da Ibarra A, Muruetarekin galdu eta gainerako guztiak irabazita. Atzetik izan da Txantrea, Gabadiri bakarrik irabazita, eta Nafarroa Beherekoak azken geratu dira, denak galduta.

Beste multzoan, Beti Gazte eta Ñapurrak berdinduta geratu dira, tiraldi guztiak irabazi eta euren artean berdinduta. Atzetik sailkatu da Murueta B, eta ondoren Ibarra B eta 6 Conceyos geratu dira, hauek finaletik kanpo.

Bestetik, asteburu honetan jokatu da baita ere lokotx biltzeko Euskal Herriko Txapelketa, eta bertan Zuriñe Frutos arabarra izan da emakumezkoen mailako onena, eta mutiletan, berriz, Fernando Etxegarai nafarra izan da txapela jantzi duen kirolaria.

Era berean, Euskal Herriko lasto botatzeko finala ere larunbatean jokatu zen, eta hor ez zen inolako ezusterik izan, Tubik jantzi baitzuen txapela. Bera zen faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin.

Bestalde, trontzan, Bizkaiko Bigarren Mailako edo Promozio Txapelketako trontzalarien finala jokatu zen, eta Xanti Zubizarreta eta Arkaitz Ispizua izan ziren onenak, aurreikuspen guztiak betez. Euren lanak 6 minutu eta 50 segundoan burutu zituzten, gainerako lehiakideei tarte handi samarra kenduz.