GARA
BOBIGNY

Macron frantses presidentegaia izango da, «sistema blokeatuaren aurka»

Emmanuel Macron frantses Estatuko Ekonomia ministro ohiak presidente izateko hautagaitza aurkeztuko duela iragarri zuen atzo. Datorren urtean egingo dira presidente berria aukeratzeko bozketak. Macron «sistema politiko blokeatu eta zaharkituaren» aurka dago.

François Hollanderen Gobernuan egon den Macronek eskuinaren eta ezkerraren arteko haustura tradizionala gainditu nahi duela adierazi zuen atzo, Parisetik gertu dagoen Bobignyko eskola batean antolatu zuen ekitaldi neurtuan. Estatuan arazo sozial larrienetako batzuk dituen hirian agindu zuen «iraultza demokratiko sakona» egingo duela hauteskundeak irabaziz gero.

«Prest nago, eta horregatik izango naiz Frantziako Errepublikako presidente izateko hautagai. Uste dut arrakasta izan dezakegula», esan zuen 38 urteko politikariak.

Abuztuan Ekonomia ministro kargua utzi zuenetik, gauza jakina zen Macronek hautagaitza aurkeztuko zuela. Berak sustatutako «En marche!» mugimendu politikoan aritu da lanean buru-belarri azken bolada honetan, eta atzo egin zuen guztiek espero zuten iragarpena.

Berak horrenbeste salatu dituen politikariek txanpon be rarekin erantzun zioten, hau teskundeetara ez dela inoiz aurkeztu gogoraraziz. Baita Ekonomia ministro izan den epean Gobernuko jarrerarik eskuindarrena berea izan dela ere. Atzo eskaini zituen mezuetan nabarmendu zuen politikan egin dituen bost urteetan konturatu dela egungo sistema politikoa dela «herrialdea eraldatzeko oztopo nagusia». Sistema hori blokeatuta dagoelako irten da frantses Estatua «aurrerabidearen arrastotik» globalizazioari eta bere ondorioei dagokienez.

Berak oso ondorio garbia atera du: «Ezin zaio mundu berriari erantzun gizon eta ideia berberekin». Dioenez, ez ditu batu nahi ez ezkerra ez eskuina, «frantses guztiak baizik».