GARA
BUKAREST

Sozialdemokratak faborito bihar Errumanian egingo diren hauteskundeetan

Errumaniak jasan duen ustelkeriak eta pobreziak herritar gehienak nazka-nazka eginda badauzka ere, bihar hauteskundeak egingo dira eta badirudi orain urtebete agintea utzi behar izan zuten sozialdemokratek lortuko dutela irabaztea, inkestek diotenaren arabera.

Orain urtebete pasatxo izan zen gertaera larri batek erabat baldintzatu du Errumaniako bizitza politikoa azken urtean, Victor Ponta garaiko lehen ministroak kargua utzi beharra izan baitzuen.

Colectiv diskotekak su hartu zuen 2015eko urriaren 30ean, 64 hildako utziz. Herritar askok egin zuten irakurketaren arabera, herrialdeak jasan duen ustelkeria endemikoak eragin zuen tragedia, lokala zabalik baitzegoen nahiz eta segurtasun arauak betetzen ez zituen. Herritarren haserrearen ondorioz, Pontak kargua utzi egin zuen. Ordurako erabat ahulduta zuten lehen ministroa beste ustelkeria kasu batzuek.

Dacian Ciolos Europako Batzordeko Nekazaritza komisario ohiak zuzendutako gobernu «teknokrata» eratu zuten orduan, egun indarrean dagoena.

Orain badirudi PSD Alderdi Sozialdemokratak lortuko duela garaipena, adineko eta nekazaritza eremuetako boto-emaileei esker. Inkestek diote botoen %40 inguru bilduko dituztela.

«PSD alderdiak oso hautesleria egonkorra du, batez ere nekazaritza eremuetan eta hiri txikietan. Gainerako alderdiek ez dute inolako mezurik boto-emaile horientzat (pobreziak eta langabeziak kolpatuenak)», esan dio AFP agentziari Barbu Mateescu soziologoak.

Bigarren eta hirugarren postuetan geratuko lirateke eskuineko bi alderdi, PNL Alderdi Nazional Liberala eta USR Errumania Salbatzeko Batasuna. Bien artean botoen %35etik gora bilduko lituzkete.

Diskotekako tragediaren ondoren Initiativa Romania elkartea sortu zuen Mihai Politeanuk. Bere iritziz, «ustelkeriaren efektuak agerian geratu ziren: 64 hildako».

Ustelkeria da herritarrek gehien salatzen duten fenomenoa, eta DNA Ustelkeriaren Aurkako Zuzendaritza Nazionala, herritarrek gehien babesten duten erakundea, Eliza ortodoxoarekin eta Armadarekin batera. DNAk auzipetzen dituen pertsonen %90 zigortzen dituzte. «Ministroak, senatariak, parlamentariak eta beste karguak ere eraman izan ditugu epaileen aurrera», esan du Codruta Kovesi erakundeko buruak.

Europar Batasunean 2007an sartu zen Errumaniak goi mailako ustelkeriaren aurka borrokatzeko konpromisoa hartu zuen.

Bozketak egin ondoren Gobernua osatzeko garaia iristen denean ikusiko da politikariek arauak errespetatzeko asmorik duten ala ez. 2001eko lege baten arabera, Justiziak zigortutakoak ezin dira lehen ministro bihurtu. Klaus Iohannis presidenteak esan du epaileak ikertzen ari diren politikariak ere postu horretatik kanpo geratuko direla.