Martxelo DÍAZ
IRUÑEA

Euskara arloan koordinazioa lortzeko egitura eskatu dute

Euskal Herri osoko erakundeek euskara arloan egiten dituzten politikak koordinatzeko egitura propioa osatzea proposatuko du EH Bilduk. Bertan, Ipar Euskal Herriko erakunde berria, Nafarroako eta Lakuako gobernuak, udalen elkarteak, UEMA, Udalbiltza, diputazioak eta hiriburuetako udalak egongo lirateke ordezkaturik. Honekin batera, Nafarroako «Vascuencearen Legea» (bihar beteko ditu 30 urte) aldatzea behar-beharrezkoa dela nabarmendu zuten.

Euskararen normalizazioan aurrera egiteko Euskal Herriko instituzioek egitura propio eta koordinatua eratzea proposatuko du EH Bilduk. «Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da», esan zuten Dabid Anaut (Nafarroa) eta Rebeka Ubera (Gasteiz) parlamentariek Iruñean egin zuten agerraldian.

Beste arloetan instituzio desberdinek duten elkarlanaren antzera planteatuko du EH Bilduk egitura berri hau. Helburua euskararen normalizazioaren bidean Euskal Herri osoan pauso koordinatuak ematea da.

Ipar Euskal Herriko erakunde berria, Nafarroako Gobernua, Lakuako Gobernua, Eudel, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, UEMA, hiriburuetako udalak, hiru aldundiak eta Udalbiltza izango dira egitura horretan ordezkatuak egongo diren erakundeak.

Helburu nagusia euskaldunek hizkuntza eskubide guztiak errespetatuak izatea eta bigarren mailako herritarrak izateari uztea da. Horretarako, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako erakundeen koordinazioa indartzearen garrantzia azpimarratu zuten.

Bide batez, lehen aldiz Ipar Euskal Herriko erakunde propio bat izateak nazio mailan koordinazioa indartzeko suposatzen duen aurrerapausoa nabarmendu zuten.

«Bada garaia aurrerapausoak emateko. Bada garaia euskara gaztelaniaren eta frantsesaren maila berean izateko», esan zuten, euskararen ofizialtasuna lurralde guztietan bermatu behar dela gaineratu zutelarik. «Nahiz eta ofiziala den tokietan ere oztopoak daudela jakin badakigun», esan zuten. Unescok euskarak egoera larrian segitzen duela adierazten duela gogoratu zuten EH Bilduko parlamentariek.

Bihar 30 urte beteko dituen Nafarroako «Vascuencearen Legea» ere aipatu zuten EH Bilduko parlamentariek. «Duela 30 urte lege hau oztopo zela esan genuen eta gaur egun, 2016an, gauza bera diogu, oztopo izaten segitzen duela», nabarmendu zuten. Izan ere, arau honek ezartzen duen Nafarroako zonifikazioak hizkuntza eskubideak mailakatuak eta ukatuak izatea ekarri du. Horregatik, Nafarroan lege berri bat beharrezkotzat jotzen du EH Bilduk eta horren alde lan egiten jarraituko duela iragarri zuen.

Hein honetan, duela 30 urte euskara Nafarroa osoan ofiziala izan behar zela aldarrikatu zutela gogoratu zuten eta gaur egun aldarrikapen hori bizi-bizirik dagoela gaineratu zuten. «Badira normalizazioa lortzeko beste elementu batzuk, baina legea eta marko juridikoa aldatzea ezinbestekoa da».