GARA
MEXIKO HIRIA

Dozenaka hildako Latinoamerikako piroteknia merkaturik «seguruenean»

«Pirotekniaren Hiriburu Nazionala» esaten dioten Tutelpec Mexiko estatuko herrian tragedia gertatu zen asteartean, adituen arabera Latinoamerika osoko piroteknia merkaturik «seguruenean» makina bat leherketa izan ondoren. Eremua erabat suntsituta geratu zen. Teknikariek orain aste batzuk, azaroan, egin zuten azken ikuskapena.

Leherketen eraginez 31 pertsona hil dira, beste 12 desagertutzat jo dituzte eta 72 zaurituta eraman zituzten erietxeetara. Tragedia arratsaldeko hiruretan hasi zen, gaueko hamarrak Euskal Herrian. Lekuko baten arabera, «suziri batek su hartu du, eta piroteknia material ugari zegoen toki batera jausi da». Eruviel Avila Mexiko estatuko gobernadorearen arabera, erredura larriak zituzten hiru ume Texaseko (AEB) erietxe batera eraman zituzten. Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak doluminak eman zizkien «istripu honetan bizia galdu duten lagunen senitartekoei» eta «zauritutakoei arin osatzeko» opa zien.

Eguberriak direla-eta, bezero asko zituen merkatuak une horretan. PGR Errepublikako Prokuradoretza Nagusiak (Fiskaltza) ikerketa bat jarri du abian, Su eta Lehergailuen Legea bortxatu delakoan. Agintariek emandako datuen arabera, azokak 300 lokal zituen, guztiak behar bezala legeztatuta. Jose Manzur Mexiko estatuko gobernu idazkariak jakinarazi du teknikariek orain aste batzuk, azaroan, egin zutela merkatuaren azken ikuskapena, eta argi berdea ematea erabaki zutela.

Produktu piroteknikoak egin, saldu eta garraiatzeko herrialde osoko baimenen %40 zituen Tutelpec herriak. Eta San Pablito izeneko merkatua zen «Latinoamerika osoko su artifizialen merkaturik seguruena», abenduaren 12an Udal Gobernuak adierazi zuenez. Juan Ignacio Rodarte Mexikoko Piroteknia Institutuko zuzendariak ziurtatu duenez, «postu guztiak behar bezala diseinatuta zeuzkan eta batetik bestera nahikoa leku zegoen, zerbait gertatuz gero leherketak bata bestearen segidan gerta ez zitezen».

Baina lekua ez zen uste zuten bezain segurua. Lehen leherketa gertatu zenean, ez zegoen nahikoa su-itzalgailurik, urik, palarik, hondarrik eta suteei aurre egiteko pertsonal gaiturik, eta leherketak bata bestearen segidan iritsi ziren, eredutzat hartuta zuten merkatua infernu bihurtzeko.

Merkatuko saltzaileek espero zuten aurtengo salmenta denboraldian 100 tona inguru piroteknia produktu saltzea.