Presoen eskubideak aldarrikatuz amaitu zuen urtea Sortuk

“Euskal preso eta iheslariak sorterrira” lelopean, errepresaliatuen eskubideen aldeko martxak egin zituzten larunbatean, 2016ko azken egunean, Basauri eta Martuteneko espetxeetara. Ehunka lagunek parte hartu zuten Sortuk deitutako ekimenean. Aurreko astean ere antzeko martxa bat izan zen Zaballako kartzelara, eta Lannemezango espetxeraino ere iritsi zen beste bat, Didier Agerre preso baxenabartarraren egoera salatzeko.
Martuteneko espetxearen aurrean egindako adierazpenetan, Sortuko eledun Arkaitz Rodriguezek nabarmendu egin zuen halako mobilizazioek presoentzat duten garrantzia. Horrekin batera, normalizazio politikoa lortu ahal izateko preso eta iheslarien egoera konpondu beharra dagoela azpimarratu zuen. Biktima guztien errekonozimendua eta desmilitarizazioa normalizazio politikorako bidean eman beharreko pausoak direla gaineratu zuen.
Gauzak horrela, EPPK-k emandako azken urratsa txalotu zuen: «Ekimen horrek erraztu egingo duelako bai bake prozesuaren desblokeoa, bai askapen prozesuan aurrera egitea. Horiek dira, hain zuzen, EPPKren ekimenaren helburu behinenak: kartzelak husten laguntzea eta gure herriaren askapen prozesuari bultzada berri bat ematea. Horretarako, baina, ezinbestekoa da jendartearen bultzada. Beste behin ere, kaleak bete beharra dago kartzelak husteko.
Presoek egindako urratsen aldean, Estatu espainolaren eta frantsesaren immobilismoaz ohartarazi zuen Rodriguezek. «Herri honen aukerak zapuztu nahi dituzte eta hasiak dira EPPK-k emandako urrats berria neutralizatzeko aitzakia berrien bila». Jarraian, EAJk «jende hauekin paktatu» nahi izana kritikatu zuen.
Juan Ignacio Zoido Barne ministro espainolaren adierazpenei erantzunez –Madrilek «terroristen xantaiari ez diola men egingo» bota zuen PPkoak–, Rodriguezek argi esan zuen «herri honek bakea lortzeko aukerak zapuzten saiatzea», hori dela terrorismoa.
Nolanahi ere, EPPKren ekimena ez dagoela ez Madrili ez Parisi zuzendua gogorarazi zuen, Euskal Herriko jendarte eta eragile politiko eta sindikalei baizik: «Hauen laguntza, sostengu eta mobilizazioarekin lortuko dugu bi estatuen gerra estrategiarekin amaitzea. Ez dezatela izan inolako zalantzarik. Lortuko dugu».
«Onartu beharra dago, denbora batean baxu egon gara, txakalaldiak jota. Eta behin baino gehiagotan esan izan dugun bezala, ezker abertzalea baxu dagoenean herri honek pultsua galtzen du. Baina dagoeneko esan dezakegu herri hau hasi dela pultsua berreskuratzen: Altsasuko muntaiari edo Luhusoko operazioari emandako herri erantzuna, Kalera Kalera ekimena, gazteek Madrilen eta Parisen egindako salaketa, errefuxiatuen egoera salatzeko ekimena... Herri hau hasi da berriro esnatzen», esan zuen Rodriguezek.
Bestalde, urtarrilaren 31n bertan, Errenteriako Herriko Plazan, gaixorik den Aitzol Gogorza presoa etxeratzearen aldeko argazki herrikoia egin zuten, Sarek deituta. Nahasmendu obsesibo-konpultsiboa du Gogorzak eta eritasun honen ondorioz ospitalera eraman behar izan dute askotan espetxetik. Egun Basauriko kartzelan daukate. Joan den abuztuan bere egoera salatzeko gose greba egin zuen Gogorzak.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
