GARA
URRUÑA

Babes ugari jaso du astelehenean epaituko duten Biziko kideak

Biziko kide Jon Palais Akizen epaituko dute, Pariseko BNP bankuaren sukurtsal batean aulkiak lapurtzea egotzita. COP21 klima aldaketaren goi-bileraren karietara, zerga-ihesa laguntzen duten bankuak salatzea zuen xede auzitegira eraman duen ekintzak. Hainbat sindikatu, elkarte eta talde politikok auzia salatu dute, eta astelehenean Akizera joatera deitu dute.

Epaiketa salatzeko mobilizazioa ahalik eta handiena izatea nahi du Bizik; bide horretan, Ipar Euskal Herriko eta Estatu frantseseko pertsona ezagun anitz Landetako hiriburura joanen dira.

Bertaratzeko deia egiten duten mugimendu politikoen artean EH Bai, NPA, Aitzina eta Ensemble Pays Basque daude. Europe Ecologie Les Verts alderdiko Akitania Berriko taldeko eskualde kontseilari ugari hurbilduko dira, eta beraiekin presidentetzarako Berdeen hautagai Yannick Jadot.

Sindikatuei dagokionez, ELB, LAB, ELA, ESK, CNT eta CGTko Ipar Euskal Herriko adar garrantzitsuenek sostengatu dute Palais. CADE eta Eguzki ekologistekin batera eremu askotako elkarteek ere agertu dute elkartasuna, Ternoseko Emaus edo Giza Eskubideen Defentsarako Komiteak esaterako.