Ariane KAMIO
DONOSTIA

Sinbolismoa ontzi gainean, Noeren pertsonaia oinarri

Malandain Ballet Biarritzek bere azken proposamena aurkeztuko du asteburuan Donostiako Victoria Eugenian. «Noe» izenburutzat hartuta, pasadizo erlijiosoa aintzat hartu du Thierry Malandainek sinbolismoa ezaugarri nagusi duen obra berrian.

Noeren ontziaren gainean jarriko ditu Thierry Malandainek bere dantzariak asteburuan (larunbatean 20.00etan eta igandean 19.30ean) Donostiako Victoria Eugenian egingo duen obra berriaren aurrestreinaldian. Aintzat hartu du erlijio kristauan bistaraturik dagoen kontakizuna. Noeren ontzia bere familia eta animaliak uholde handitik salbatzeko eta lurra birpopulatzeko egindako itsasontzia izan zen. Ez da, ordea, katolizismoan soilik ezaguna den pasartea. Juduen Toran eta musulmanen Koranean ere ageri dira erreferentziak. «Zibilizazio desberdinetan ezaguna izan da. Ez da figura kristau bat soilik. Zibilizazio askok bizi izan dute ‘Uholde handia’ eta pertsonaia antzekoak izan dituzte ontzi batean zibilizazioa salbatu dutenak», aipatu zuen atzo Malandainek berak Donostian egindako aurkezpen prentsaurrekoan.

Ura

Noeren pertsonaia oinarri izango du bere izena daraman sorkuntza berriak, baina animaliarik ez da agertuko. «Oso istorio ezaguna bada ere, dantzan sekula taularatu gabea da», azpimarratu zuen. Mendeetan zehar gertaera historikotzat jo izan bada ere, historialariek mitotzat jotzen dute. «Pentsa dezakegu historia hori benetan gertatu zela, baina ez dugu sekula jakingo».

«Gaia interesgarria da gaur egungo egoera ankerrera ekartzeko. Noe gaztetan bigarren Adan bat izan zen, Jainkoak zibilizazioa berregiteko aukera eman ziolako, eta gaur egun ondo datorrela iruditzen zait», adierazi zuen.

Koreografoarentzat ez da lan erraza izan pertsonaia historiko hori oinarri hartu eta hortik abiatuta istorio berri bat sortzea. Musikarekin izan ditu, esaterako, zailtasunetako batzuk. «Zaila izan da pieza egokia aukeratzea», aitortu zuen. Meza baten konposizio musikala nahi zuen bere obrarako eta azkenean Rossiniren “Misa de Gloria” delakoa baliatu du, «bere errepertoriotik gutxien ezagutzen dena, ziur asko». «Obra erlijioso bat nahi nuen, baina normalean mezek oso denbora gutxi irauten dute eta Rossinirenak ordubeteko luzapena duenez, denbora tarte egokia eskaintzen zidan proposamen hau modu egokian taularatzeko. Baziren meza luze gehiago ere, baina denak requiemak eta nik zerbait neutroagoa behar nuen».

Koreografoaren aburuz, ordea, interesgarriena ura bera da. «Urak nahi duen oro deusezta dezake eta, era berean, bizitzeko guztiz beharrezkoa da. Hori da azpimarratu nahi dudana, elementu erlijiosoak baztertuz. Ura gizateria biziberritzen duen elementu gisa interesatzen zait. Eliza batera sartzerakoan bataiorako ura dago eta ez zara sartu zaren moduan irteten. Noeren ontzian bidaia egin ondoren ere ez dira berdinak beren protagonistak eta nahi dut ikusleak ere sentipen antzekoak izatea», esan zuen. Bide horretan, sinbolismoz betetako elementuak pisuz landuko ditu.

Poesiazalea da Malandain, eta hala islatzen du bere sorkuntzetan. «Aurrerapen teknologiko ugari ditugu gaur egun eta irudiak erabil nitzake, nazioarteko gatazka eta sarraskietakoak, baina ez dut gogoko nire lanetan politika txertatzea». Eta jarraitu zuen: «Teknologia berriek ekarpenak egiten dituzte, baina gizateriatik aldentzen gaituzte. Gauza tradizionalak nahiago ditut, egurra bezalakoak, eta halakoxea izango da oholtzaren atrezzoa».

Urduri dagoela onartu zuen koreografoak. 22 dantzarirentzako koreografia prestatu bazuen ere, bi dantzarik min hartu eta 18ra jaitsi behar izan du parte hartzaileen kopurua eta hartara egokitu. Muntaketarako lan zaila dela baieztatu zuen, baina “Magifique” obraren antzera, taula gainean erantzun ona jasotzea espero du.

Aurrestreinaldia asteburu honetan Donostian izango da eta maiatzera arte ez da berriro oholtza gainean jarriko. Biarritzen izango dira eta gero Parisen hamahiru emanaldi egingo dituzte.