Samsungeko oinordekoa, «susmagarri» Hego Korea astindu duen eskandaluan
Lee Jae-Yong Samsung konpainiako oinordekoa «susmagarri» da Park Geun-Hye Hego Koreako presidentearen gainbehera eragin duen ustelkeria eskandaluan. Gaur egingo diote galdeketa.

Lee Jae-Yong Samsung Electronics konpainiako presidenteordea da gaur egun, Lee Kun-Hee Samsung taldeko presidentearen semea eta Lee Byung-Chul sortzailearen biloba izateaz gain. Gaur goizeko 9.30ean hitzordua du ikertzaileekin, Lee Kyu-Chul ikertzaile taldeko eledunak jakinarazi duenez. «Lee jaunari susmagarri moduan galdeketa egitea erabaki dugu», adierazi zuen, Samsung inperioko oinordekoa atxilotzea baztertu gabe.
Choi Soon-Sil 60 urteko emakumea eta Park presidentearen laguna da eskandaluaren epizentroa. Agintariarengan izan beharko ez lukeen eragina izatea leporatu diote «Koreako Rasputin» esaten dioten herritarrari.
Zehazki, akusazioaren arabera, Choik Parken konplizitatea zuen Hego Koreako konpainia nagusiei estortsioa egiteko. Bide horretatik milioika dolar bildu zituen berak sortutako bi fundaziorentzat. Gero dirutza horren zati bat poltsikoratzen zuen Rasputinak.
Leek berak joan den abenduaren 6an gaiari buruzko esplikazioak eman zituen Parlamentuan sortutako batzorde batean. Orduan esan zuen ez duela inoiz dirurik eman Choiren mesedeak lortzeko.
Choiren alabaren zaldiak
Beste zazpi konpainia handitako arduradunek ere batzorde beraren aurrean hitz egin behar izan zuten egun horietan.
Samsung konpainiako zuzendaritzako beste bi kideri joan den astelehenean egin zitzaizkien galdeketak, baina lekuko moduan. Gainera, enpresaren instalazioak miatu ditu Poliziak.
Gaia ikertzen ari diren fiskalek uste dute Choi Soon-Silek 62 milioi euro inguru lortu zituela estortsioa eginez.
Fiskaltzak uste du Samsung taldeak 17,3 milioi euroko kontratu bat sinatu zuela Alemanian egoitza duen enpresa batekin (Choi da jabea). Hyundai, SK, LG eta Lotte konpainiak ez ziren hain eskuzabalak izan eta «laguntza» txikiagoak eman zituzten. Gainera, hipikan aritzen den Choi Soon-Silen alaba bati laguntza eman zioten Samsungekoek, Alemanian prestatzeko aukera izan zezan eta zaldiak erosteko.
Lee Kun-Hee Samsung taldeko presidentea erietxean dago, 2014ko maiatzean bihotzekoak jota. Hitz egiteko gauza ere ez da oraindik. Lee Jae-Yong oinordekoak 48 urte ditu. Hego Koreako herritar aberatsenen sailkapenean hirugarren postuan kokatzen dute hedabideek (5.877 milioi euro omen ditu).
Aitak utzi beharko duen kargua lortu ahal izateko, beste maniobra zikin bat egin izana ere leporatu zaio Lee Jae-Yongi: dirua eman zion Choiri Parken Gobernuak Cheil Industries eta C&T konpainien bat egitea onar zezan. Fusioa ezinbestekotzat jotzen zen semeak aitaren kargua lor dezan.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
