GARA
Gasteiz

Gripeari buruzko bilera eskatu diote Osakidetzari eta Osasun Sailari

EH Bilduko parlamentari Eva Blancok Osakidetzako sindikatuari eta Jon Darpon Osasun sailburuari agerraldia eskatu zien atzo. Hala, ELA, LAB, CCOO, UGT eta Satse Legebiltzarreko Osasun Batzordean izango dira, gripearen kudeaketa nolakoa izaten ari den eta kudeaketa horrek zein ondorio izan dituen mahai gainean jartzeko.

«Agerikoa da egoerak gainditu egin duela osasun zerbitzu publikoa eta ondorioak herritarrok ordaindu dituztela, ez dutelako merezi duten arreta jaso. Aldiz, sailburuak hartu duen bidea harrokeriara jotzea izan da. Sindikatuen aurka egin du eta errealitatea ukatu du. Harrokeria hori eta bere ondorioak ez dituzte herritarrek ordaindu behar», salatu zuen Blancok.

Agerraldi hauen helburua da «Osakidetzak murrizketak pairatu dituela eta horiekin bukatzea ezinbestekoa dela» agerian uztea. «Krisia horrela kudeatzeak ez garamatza inora. Beharrezkoa da Osakidetzako eragileekin hitz egitea, etorkizuneko perspektibarekin lan egitea eta giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak jartzea hurrengo krisiak horrela harrapatu ez gaitzan», aipatu zuen parlamentariak.

Horrez gain, EH Bilduk jakinarazi zuenez, hainbat ekimen erregistratu ditu Gabon sasoian lan egin duten profesional kopurua zein izan den jakiteko eta itxi diren oheak zenbat izan diren ezagutzeko.