Asier AIESTARAN
PILOTA

Urrutikoetxearen berpiztea bakarka ere saritua izan da

Igandeko garaipenak borrokan bete-betean sartu du bizkaitarra, baita Pilotari Onenaren Sarian ere.

Aurtengo Binakako Txapelketa inoiz baino parekatuago doa –zazpi bikote daude garaipen bakarraren gorabeheran–, eta berdintasun hori edizio honetan martxan ipini den Pilotari Onenaren Sarian ere nabari da. Zortzi jardunaldi jokatu ostean, aurreneko lau pilotariak bi punturen gorabeheran daude, eta deigarria egiten da asteburu honetan lehen postura Mikel Urrutikoetxea igo izana.

Aurrelari bizkaitarrak 192 puntu ditu une honetan, eta Jon Ander Albisurekin berdinduta dago. Hirugarren postua Iker Irribarriarentzat da, puntu bat gutxiagorekin (191), eta Jose Javier Zabaleta dago laugarren onenetik bi puntura (190). Binaka jokatzen den lehiaketa izanik, bakarkako sailkapena egitea beti izaten da eztabaidagarria, baina aurkezpenean azaldu zutenez, jarraitzaile, kazetari eta teknikarien botoekin osatzen da aipatutako rankinga.

Eta Urrutikoetxea lehen postuan ikustea deigarria dela diogu, txapelketa hasi zenetik ligaxkako azken postuan egon behar izan duelako, lehenik Mikel Beroizekin eta gero Ander Imazekin. Zaratamokoak, ordea, behin baino gehiagotan erakutsi du azken tantora arte ez duela amore ematen –aurreko igandean urrunago joan gabe, 6-15 galtzen joanda–, eta badirudi Binakakoa bezain txapelketa luze batean ere azken neurketara arte borrokatzeko prest dagoela.

Aurreneko sei jardunaldietan norgehiagoka bakarra irabazi ostean, azken biak irabazi ditu Asegarceko bikoteak, eta oraintxe bertan borrokan bete-betean sartuta daude.

Elezkanoren zain

Gainerakoan, bederatzigarren jardunaldira begira Danel Elezkanoren itzulera izan daiteke albiste nagusia, larunbatean Labriten. Hala ere, Jakaren lana ikusita pentsatzekoa da ez duela presa berezirik izango.