Arriagak ekoizpen propioa aurkeztu du, izena ematen dion maisuaren omenez
«Los esclavos felices» izenburupean, Bilboko antzokiak bere lehen lan propioa taularatuko du bihar eta etzi. Beren-beregi prestaturiko kontzertuok Juan Crisostomo Arriaga musikagilearen lanera hurbiltzeko aukera izango dira. Bi saio osagarriren bidez, gizarte garaikideari buruz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu Calixto Bieitok zuzenduriko ikuskizunak.

Duela 210 urte jaio zen egunarekin bat eginez, Juan Crisostomo Arriagaren musika eta sentipenetara hurbiltzeko berezko ikuskizuna prestatu du Calixto Bieitok zuzentzen duen Arriaga antzokiak. Zuzendaria pozik azaldu zen bi saioen aurkezpen ekitaldian, musikagile bilbotarrak duen «erakartzeko indarra» azpimarratu zuelarik. Bihar eta etzi plazaratuko den emanaldia omenezko festa bat izatea nahi du Calixto Bieitok, bere asmoa, aitortu zuenez, antzeko ekoizpenak urtero errepikatzea da.
“Los esclavos felices” lanaren bidez, Arriagaren musika ezagutzeko parada izango da. Bide batez, egungo gizarteari buruzko gogoeta egitera gonbidatzen gaitu ikuskizunak. Izenburutik bertatik hasita, bidaia ironiko bat eginez, gizarte aurreratuetako bizipenen inguruko hausnarketa proposatzen du. Finean, lanak azken galdera batera garamatza: zoriontsu al gara gure esklabotasunean? Zuzendariak azaldu bezala, «hasiera batean galderari ikuspuntu politiko batetik erantzuteko asmoa izan genuen». Baina azkenean, musikaren garapenetik eta norbanakoen esperientzietatik jorratzeko erabakia hartu zuten, pentsamolde humanistago bat iradokiz.
Gai sakonak
Jon Malaxetxebarria arduratu da egitasmo berezi honen musika zuzendaritzaz. Atzokoan, gainontzeko partaideek azaldu bezal a, Arriagaren beraren heldutasuna eta dramatismoa azpimarratu nahi izan zuen. Juan Crisostomo Arriaga 20 urterekin zendu zen, baina bere obran jorratzen dituen gaien sakontasunak hausnartzeko bide ematen digu.
Sarah Derenginder zinema eta telebista zuzendariak ikuskizunari egiten dion ekarpena goraipatu zuen Calixto Bieitok. Sortzaile suitzarra azken hilabeteotan Bilbon izan da. Zenbait aste eman ditu gure hirian eta inguruko beste leku batzuetan irudiak filmatzen, eta irudiok ikusgai izango dira egileak prestatuko dituen instalazioetan. Atzoko aurkezpenean, kubo zurien antza duten instalazio horiek ezagutzeko parada izan zen. Proiekzioetan azalduko diren euskal artisten partaidetza eduki du Derenginderrek. Ondorioz, Arriagaren musikaren interpretazio garaikide honek, gaur egungo irudiak jasoko dituzten ikus-entzunezko proiekzioen laguntzaz entzuteko aukera eskainiko du.
Esan bezala, bi eguneko ikuskizuna da. Bi saio osagarri, «poema sinfoniko» bakarra osatuko dutenak. Biharkoan, Arriagaren hari laukoteetan oinarrituko den emanaldia izango da. Bi saio izango dira, bata arratsaldeko 18.00etan, eta bestea, 20.00etan, ikus-entzuleentzako lekua txikiagoa izango delarik. Happening gisa, ikuskizunak berak ikus-entzuleak antzokiko leku desberdinetatik ibiltzera behartuko ditu, musikak gidatuta, museoetako erakusketetan izaten den antzeko giroa sortuz. Parte hartzen duen talde bakoitzak bere performance propioa eskainiz, melodiak interpretatuz, ikus-entzuleen bidaia mental eta fisikoa lagunduko da. Maisu bilbotarraren musika interpretatuko duten kamera laukoteak La Ritirata Laukotea, Ensemble 442 eta Bilbao Sinfonietta Cuarteto dira.
Bigarren jardunaldia, aldiz, larunbatean izango da. Saio honetan ikus-entzuleak aretoan egongo dira, 20.00etan hasiko den emanaldian. Oraingoan, Arriagaren obra sinfonikoa eta ahozkoa eskainiko da. Zehazki, ikuskizunari izena jarri dion amaitu gabeko opera. Kontzertuak Marta Ubieta eta Naroa Intxausti sopranoen parte-hartzea izango du, Enrique Azurzak zuzenduko duen Bilboko Koralak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak lagunduta. Easo Eskolaniako Markel Murillok ere parte hartuko du. Gainera, piezetako bat abestuko dute, ahots solista gisa eskainitako kolaborazio moduan, Gorka Gerrikabeitia eta Alberto Abete tenorrek eta Gexan Etxabe baritonoak.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
