Arantxa MANTEROLA
Biarritz

Biarritzeko aireportuak 8,3 milioi euro inbertituko ditu aurten hobekuntzetan

2016. urtean bidaiarien kopuruak gora egin du nabarmen (%9,20) eta hegaldi komertzialak ere asko emendatu dira (%12,68). Goranzko joerari eusteko, 2017an hegaldi eskaintza eta azpiegiturak hobetzen segituko dute. Xede horietara 8,3 milioi euro bideratuko dituzte aurten.

Biarritzeko aireportua aurreko bi urteetako beheranzko joerari buelta ematen hasi zaio. Hala erakusten dute 2016ko datuek. Izan ere, urte osoko jin-joanetan 1.135.482 bidaiari zenbatu dituzte, 2015arekin alderatuta, %9,20 gehiago. Horietatik, gehienak (862.355) Estatu barrukoak izan dira, nagusiki Pariseko lineetan.

Merkantzia eta gaien garraioko hegaldiak ere nabarmen emendatu dira. Orotara, 10.981 mugimendu (+ %12,8) zenbatu dituzte.

Iaz lau linea berri zabaldu zituzten: Air Francek Pariseko Charles De Gaulle aireportuarekin; Air Nostrum/Iberiak Madrilekoarekin; Flybek Southamptonekin (uztailetik irailera) eta British Airwaysek Londres-Heathrowkoarekin (maiatzetik irailera bitartean).

Denera, hamahiru konpainiak 22 linea ziurtatzen dituzte Lapurdiko aireportuan. Estatuko 15. aireportu metropolitarra da.

2017ko ekitaldirako berrikuntza batzuk ere aurreikusi dituzte eskaintza mailan. Hala, EasyJet konpainia eta aireportuko arduradunak pozik daude emaitzokin, «bi urte zailen ondotik, hazkuntza dinamika eta nazioarteko kalitatezko eskaintza berreskuratu dugulako. Urte ona izan da».

Aurten, uda partean EasyJet konpainiak Londres-Luton eta Gatwickera eskaintza areagotuko du. Aldiz, Marseillara (Hop Air France) eta Londresera (British Airways) hegaldi gutxiago izango dira sasoi horretan.

Moldaketa ugari

Segurtasuna, ahalmena eta erosotasuna handitze aldera datozen hamar urteetarako iaz abiatu zuten inbertsio programan aurrera egiteko asmoa ere badute. Hala, 8,3 milioi euroko inbertsioak egingo dituzte.

Besteak beste, ibilgailuen sarbideak eta aparkalekuak moldatuko dituzte; hegazkinetako aparkalekuak eta taxientzako erraiak eraberrituko dituzte; kontrol eta segurtasuneko guneak berrantolatu eta autobus geltoki bat eraikiko dute.

Halaber, enpresentzako eta zerbitzuetarako guneak ezartzea, hegazkin arinentzako gunea hedatu eta konpontzea eta aireontzientzat hangar bat sortzea ere aurtengo egitasmoen artean sartu dute.