FIPAra iritsi da Europa Transit, telebista pantailetarako bidean
Mundu osoko dokumental eta filmen artean Donostia 2016ko Europa Transit egitasmoaren baitan sortutako «Mensajes de la frontera» emango dute FIPAn, larunbatean. Lana ahal bezainbat zabaltzearren jaialdietan aurkezten ari dira, eta doan banatzea erabaki dute.

FIPA «munduari irekia den leihoa» dela diote Ikus-entzunezko Saioen Nazioarteko Festibaleko arduradunek. Borondate horrekin, baina Europako gerra edo gatazka egoerak bizi izan dituzten hirietan murgilduz, gauzatu da Europa Transit egitasmoa. Donostia 2016ren baitan sortu proiektu horrek hamar hiritan egindako beste hainbeste film ekarri ditu. Ceutan filmatutakoa da aste honetan Biarritzen ikusteko parada izango den “Mensajes de la frontera” (“Mugaldeko mezuak” euskaraz).
Telebista jaialdia da FIPA eta pantaila txikian zabaltzeko pentsatuak dira bereziki Europa Transiteko obrak. Jada abiatuta dagoen bidean Biarritz beste tranpolin bat izatea espero dute. Merkatu frantsesean pentsatuta hautatu dute Afrika iparraldeko hiriko dokumentala.
Izan ere, hizkuntza aintzat hartuta, frantses hiztunak dira bertan agertzen diren etorkinetako asko, eta Ceuta eta Melillako errealitatea oso ezezaguna zaie Frantzian. «Frantsesek kultura kritikoa dute sormen aldetik, eta immigrazio fenomenoa aspalditik ezagutzen dute», azaldu zuen dokumentalaren zuzendari Xuban Intxaustik.
Iaz, Donostiako kultur hiriburutzaren urtean, ETBn ikusi ahal izan ziren hamar lanak, eta TV3 kate katalanean bi erakutsi dituzte jadanik. Zipreko telebista publikoarekin kontratua sinatu dute, eta orokorrean dokumentalak filmatu diren hirietako kate publikoak interesatuak dira erakusteko, Bulgarian esaterako.
Hainbat jaialditan ere hautatu dituzte; Belfasteko Human Rights Festival-en, San Frantziskoko UNAFF-en eta Dublineko Fingal Film-en. Euskal Herriko jaialdietan ere izan dira, Zinemaldian esaterako. FIPAn parte hartu ondoren, Chicagoko Peace On Earth zine festibalera joango dira.
Sortze garaiaren ondoren epe berri honetan hiru helburu dituztela azaldu zuen Donostia 2016ko enbaxada ibiltarietako Imanol Otaegik: «Hiru mailatan ari gara lanean orain; nazioarteko telebista merkatua, zinema eta dokumentalen festibalak, eta unitate didaktikoa hedatzen». Hurrengo ikasturtean EAEko eskoletako nerabeen eskura jarriko den euskarria lantzen ari dira. Horren bitartez gai ugari jorratuko dituzte: errefuxiatuak gerra osteko traumak, immigrazioa, adierazpen askatasuna...
Dohainik
«Gaiak oso egungoak dira gure gizartean, unibertsalak dira, eta urteetan indarrean egoteko modukoak», esan zuen Otaegik. Egindako lana ahalik eta gehien zabaltze aldera, gaiek duten interesagatik, dokumentalak dohainik eskaintzea erabaki dute: «Eskatzen duen edozein telebista edo plataformari zabaltzeko prest gaude». Proiekzioa egokia izango dela bermatzea besterik ez dute eskatzen. Gainera, hiru bertsio dituzte eskura, euskarazkoa, gaztelerazkoa eta ingelesezkoa. Beste edozein hizkuntzatako azpitituluak ere egin daitezkeela zehaztu dute.
Banaketan buru-belarri ari dira, jakinik gero filmek bidea bakarrik egin beharko dutela: «Donostia 2016 fundazioa desagertzera doa hurrengo hilabeteetan. Ordurako bermatu behar dugu hedapena ahalik eta zabalena izan dadila, segitu dezan».
Giza eskubideak eta kultura batzen dituzten gaiak jorratzen dira urte bakarrean egin diren hamar dokumental horietan. Ceutaz gain, Dresden, Belfast, Mosku, Wroclaw, Pristina, Sarajevo, Plovdiv, Tesalonika eta Pafosen filmatuak dira. «Denak ezberdinak dira, baina denak pentsatzeko ariketa bat dira» azaldu zuen zuzendariak. “Mensajes de la frontera”-ri buruz hau gaineratu zuen: «Ideia bat izan genuen eta Sergi Camara argazkilariari proposatu genion. Dokumental konpletoa da, errealitate asko ezagutarazten dituena».
FIPAko presidente Didier Decoinek 30. edizioaren aurkezpenean hau esan zuen: «2017an gure bereizgarria bizitzaren aldeko tema izan daitekeela uste dut». “Mensajes de la frontera” lanak horretan festibalaren izaerarekin bat egiten duela nabarmendu zuen Intxaustik.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
