Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren irakurketak

Lerro artean irakurtzea komenigarria da, batez ere esaldiak interpretazio anitzetarako tartea utzi badu letragileak. Artikulu bat idazten denean haren kontzeptua, mamia, hipotesia, esanahia eta helburua argitasunik gabe uztea artikuluaren porrotaren adierazle gisa interpretatu daiteke. Edo idazleak ez duela jakin nola azaldu bere pentsamendua. Irakurleak mezua ulertu ez duenean, komunikazioaren transmisioak ez du zeregina bete. Lerro arteko pentsamendua baliagarria da irakurlearen interpretazio anitzak sorrarazteko. Ez dago enigmarik musikariak elektro-swing doinuak gerturatzen dizkigunean. Edozein musika estiloren argazki zehatza dugu, badakigu, gutxi gorabehera, zer nolako doinuekin egingo dugun topo. Enigma kantuaren hitzetan egon daiteke, letren interpretazio edo irakurketa irekian. Aieruzko usteak ez ditzala herdoil-geruzak eraiki musikariak egokitutako letraren gainean. Letra zuzena eta argia denean irakurketak interpretazio bakarra izan dezake eta gero irakurleak eraman dezala nahi duen pentsamenduaren parajera. Elkarrizketa askotan entzun ditut musikariak hala moduz defendatzen hitzei buruzko galdera, eta irteera usuena da egileak baduela bere iritzia baina nahiago duela interpretazio-irakurmen askea uztea bere ustearen gainetik. Erantzun usatuegia isilpean gordetzeko sentimendua. Apar gutxiko bihotzak. Bide guztiek daramate edonora, ez, ordea, hitz musikatuaren argira.