GARA
ERRENTERIA

«Gazteok independentzia», aldeko argudioak zabaltzeko dinamika

Martxoaren 19an etorkizun politikoaren inguruan herri galdeketak egitekoak diren Tolosalde, Oiartzualde, Hernani eta Astigarragako hainbat gaztek bat egin eta «Gazteok independentzia» dinamika abiatu dute, estatu propioaren aldeko argudioak zabaldu asmoz.

Errenterian elkartu ziren atzo Tolosaldeko, Oiartzualdeko, Hernaniko eta Astigarragako hainbat gazte, datorren martxoaren 19ko herri galdeketen harira abiatu berri duten dinamikaren berri emateko. «Gazteok independentzia» bataiatu dute egitasmoa, eta estatu propioaren aldeko aldarrikapen nahiz argudioak Gipuzkoako txoko guztietara zabaltzea izango dute xede, adierazi zutenez.

«Estatu antidemokratiko eta ustel hauen aurrean, milaka dira dependenteak izateari utzi eta Euskal Estatua eraikitzeko arrazoiak», adierazi zuten agerraldian. Adibide gisa aipatu zituzten hezkuntza eredu herritarra eraikitzea, enplegu duin baten aldeko borroka, etxebizitza eskubidea bermatzea, parekidetasuna eraikitzea... «Hain da zentzuzkoa aukera, ezen galdera ez den zergatik, baizik eta zergatik ez», defendatu zuten.

Argudio horiek guztiak Gipuzkoako nahiz Euskal Herriko bazter guztietara hedatzen ahaleginduko dira gazteak: «Horregatik, dinamika eta leloa bere egin eta estatu propioaren aldeko lanketari ekiteko deia egiten diogu euskal gazteriari». Horretarako, besteak beste, batzar irekiak, hitzaldiak, eztabaidak eta kontzertuak antolatu dituzte, eta ekimen ezberdinak sustatuko dituzte «egunez egun, gero eta gazte gehiago konbentzituz eta estatu propioaren bidean urratsak eginez». «Aukera erreala da; urte gutxitan lor dezakegu», berretsi zuten, «erabakiaren aroa» baita honakoa.

Bestalde, Hernanik eta Astigarragak larunbatean iragarri zuten zein izango den datorren martxoaren 19an parte hartuko duten herritarrek erantzun beharko duten galdera: «Nahi al duzu Euskal Herria errepublika burujabea eta independentea izatea?». Bagabiltza plataformak iragarri zuen, eta lanketa prozesu baten ondotik hautatutakoa da.

Sustatzaileek beraiek azaldu zutenez, iazko uztailean bildu zen lehen aldiz galdera hautatzeko taldea, eta Goierriko ereduari jarraitzea onartu zuten, nahiz eta gero ez duten erabat modu horretan errepikatu. Helbide elektroniko bat ere zabaldu zuten, herritarrek galderaren gaineko ekarpenak egiteko.

Galdera zehazteko prozesuan terminologian sakondu nahi izan dute, eta zazpi irizpide finkatu zituzten: argitasuna, zehaztasuna, ulergarria izatea, lurraldetasuna argi adieraztea, erakargarritasuna, osagai sozial bat sartzea eta zabaltasuna.

Martxoaren 19ko hitzorduari begira lanketak, ordea, aurrera jarraitzen du eta, besteak beste, otsailean galdeketaren aldeko abestia aurkeztuko du Bagabiltzak.