Amalur ARTOLA
IRUÑEA
Entrevue
IRATI JIMENEZ
KAZETARIA ETA IDAZLEA

«Autokritikak indar gehiegi hartzen duenean, sormena isildu egiten da»

Literatura sortzeko eta literaturaz hausnartzeko grina, biak ageri zaizkio Irati Jimenezi (Mundaka, 1977). Txalapartarekin abiatu duen bidaia berrian, berezko duen jakin-minaren grina azaleratu zaio.

“Nabarra” aldizkarian abiatutako esperimentu baten jarraipena dira “Odola”, “Gatza” eta “Musua” argitalpenak. Liburuaren eta aldizkariaren arteko hibrido honetan, izenburuan zehazten den elementua hartu eta horren gaineko informazioa, datu historikoak, xehetasunak, bitxikeriak... ematen dira, elementuaren gainean dugun espektroa zabaldu eta ikuskera berriak sortzeko. Lehen hiru aleek Irati Jimenezen sinadura daramate.

Txalapartak apustu handia egin du formatu honekin; aldizkaria da, baita liburua ere...

Berez, “Nabarra” aldizkarian argitaratu ziren erreportaje batzuk liburu labur bihurtu ditugu. Erdi aldizkari erdi liburu formatu hori gustatu egiten zitzaigun, eta gainera iruditzen zitzaigun oso formatu bisuala sor litekeela.

Irakurleek liburu-dendetako apalategietan ikusten dituztenean zer pentsatuko ote dute?

Ez dakigu. Hori da kontua. Formatu batzuetara ohituta gaude eta berriak probatzean ez dakigu zer gertatuko den. Kulturaren industrian lan egiten dugunok, beste sektoreetan aritzen direnek bezala, gauza berriak eskaintzen saiatu behar dugula uste dut. Batzuek arrakasta izango dute eta beste batzuek ez, baina horrela ikasten da publikoari zer eskaini. Hemendik tarte batera begiratuko ditugu zenbakiak eta ikusiko dugu sailarekin jarraitzen dugun edo hemen geratzen den gure esperimentu hau.

Argitaletxeek egiten al dute esperimentaziorako apusturik?

Ez daukagu daturik, baina kultur industria sormenari oso lotua dago eta horrek eragiten du sortzeko eta gauza berriak egiteko grina handia izatea. Egiten dira gauza interesgarriak, baina, proportzioan zenbat diren ezagutzen ditugunak errepikatzea eta zenbat gauza berriak probatzea? Zaila egiten zait horri erantzutea. Badago ilustrazioa egiteko gogoa, Astiberri hor dago, Txalapartak ere abiatu ditu gauza batzuk, book-trailerrak... Badago ‘zera’ bat mugitzen, baina iruditzen zait euskal literatura ‘impasse’ momentu batean dagoela, kimu batzuk badauden arren paralisi maila bat badagoela.

Zein zentzutako paralisia?

Askotan kosta egiten da momentutik atera eta argazki osoari begiratzea, baina nago ez ote diogun geure buruari gehiegi begiratu eta bizi garen momentu komunikatiboan –Internet, sare sozialak eta abar– denbora guztian geure buruaz aritzearen poderioz ez ote duten kritikak eta autokritikak indar gehiegi hartu. Tim Burton zinema zuzendariak esaten du umeek sortzeko pasioa dutela, baina norbere buruaren kontzientzia sortzean zenbait gauza egiteari uzten diola, hasten delako pentsatzen beharbada ez duela ondo marrazten, idazten... Haurra zarenean ez duzu marrazten ondo edo gaizki egiten duzulako, egitearen plazeragatik baizik. Sortzeko grina eta kritikaren grina, biak dira beharrezkoak, baina autokritikak indar gehiegi hartzen badu, bestea isildu egiten da. Eta nik uste dut gehiago gaudela momentu horretan.

Halere, kimu berriak aipatu dituzu.

Bai, jakina, kultur industrian sorkuntza badago eta ez dut ikusten erabateko geldialdia. Ez gaude inolaz ere hilda edo erdi hilda. Baina ez gaude loraldian.

Zuen «esperimentu» honek, esan duzun bezala, «Nabarra» aldizkarian du oinarria. Kultur eta gizarte gaiak jorratzen zituen aldizkari horren azken zuzendaria izan zinen.

“Nabarra”-k urte asko zeramatzan merkatuan, milatik gora harpidedun zituen eta bi urtez gutxi gorabehera nik zuzendu nuen, baina ekipo txiki batentzat lan handia zen, diru laguntzetan zegoen “Nabarra”-ren biziraupenaren gakoetako bat eta... batuketak ixtea agindu zuen. Halere, “Nabarra” hartu baino lehen ez nuen neure burua halako proiektu bat aurrera ateratzen ikusten, diru laguntzak, paperak, asko idaztea, talde baten zuzendaritza izatea eta koordinatzea... Tarte batez animalia horren gainean ibili nintzen, olatu horren gainean... eta ibili nintzen.

Diru laguntzen eta instituzioen babesaren eztabaida piztu zuen «Nabarra»-ren itxierak.

Kopuruan gutxi gara eta laguntzak behar ditugu, hori argi dago. Baina beharrezkoa da pentsatzea zer egin behar dugun etorkizunean, ze modutan, beharbada orain komunikabide bi direnak bat izan behar ote diren, ondo ari garen dirua inbertitzen, paperean inbertitu behar dugun edo ez, edo digitalean proportzio horretan ondo ari garen... Era horretako hausnarketak dira orain sektoreari eta profesionalei dagozkigunak. Arriskua dugu, subentzionatuak garen kultura bat garen neurrian, ahaztea beste parte hori.

Kazetari bai, eta idazle ere bai. Alor horretan garrantzia izango zuen «Bat, bi, Manchester» osatu ahal izateko Zubikarai sariak, baina ez dakit horrenbesteko grazia egin zizun eleberriagatik «Erasmus belaunaldia» etiketa jaso izanak...

Sariak niretzat erabakigarriak izan ziren idazle profesional bezala ibilbidea hasteko, baina garai hartatik geratu zaidana irakurleekiko harremana da. Idaztean asmo komunikatibo bat dago eta hori itzultzen zaizunean... hori da argitaratzeak duen parterik harrigarriena eta gozatzeko modukoa.

“Erasmus belaunaldiarena”, agertu ginen idazle gazte batzuk, emakumeak, eta askotan galdetzen ziguten emakumeak garen neurrian zer daukagun komunean. Gizonezko bat ateratzen denean plaza batera normalean galdetzen diote egin duenaz, generoa inbisiblea da; emakumeok agertzen garenean generoa azaltzen zaigu. Gauza batzuk esan genituen nahiko era kontundentean eta ni oso pozik nago orduan sortu zen zalaparta txiki horrekin, horiek ere beharrezkoak direlako. Hark ekarri zuen gehiena ona izan zen, hausnarketa sortu zelako eta uste dut handik geratu dena dela emakumeak naturalago bizi dituen euskal literatura bat. Ez bakarrik horregatik, jakina, baina horregatik ere bai.

Handik sortu zen «Orgasmus», emakumeek idatzitako ipuin erotikoen bilduma.

Hori da, bai. Kontua zen euskal literaturak bazuela ezaugarri bat azken hamarkadetan: agertutako “belaunaldi” berriek beren burua izendatu zuten, Ez Dok Amairu, Lubaki banda, Tropela... autoizendatuak dira. Ez genuen nahi beste batzuek izendatuak izan eta Erasmusetik Orgasmusera pasatu ginen, Erasmusera joan direnek hitz hori askotan erabiltzen dutelako, txortan egitera joaten direlako askotan ikastera baino gehiago (barreak), edo horrekin batera.

Zure idazle izate horretan, ze eragin izan du etxeko giroak?

Maila batean badu garrantzia etxean, inguruan, familian ikusteak irakurtzearen maitasuna, gurasoak edo anai-arreba helduagoak disfrutatzen irakurtzearekin, horretara ematen zaitu. Askotan pentsatzen dut institutuan agintzen dizkizuten irakurraldiekin geratu izan banintz, “La Celestina”, Delibesen “El Camino” edo “On Kixote”, ez zela aski izango nigan irakurzaletasuna zabaltzeko. Nik horiez gainera eta oso txikitatik etxean izan ditut beste hainbat liburu, era askotakoak, eta oso-oso liburutegi ona. Ama oso irakurzalea da eta aita [Edorta Jimenez] idazle izatearen parteak, uste dut lagundu didala asko, eta eskertu dut urteekin gero eta gehiago, idazle profesional bat etxean izateak lanbide hori asko naturalizatu didalako. Mistifikazio asko daude idaztearen eta kultur sormenaren inguruan.

Eta idazle arteko harremanean, aitak eta biok baduzue elkarri testuak pasatu edo aholkurik eskatzeko ohiturarik?

Ez dugu ohiturarik, egia esan. Arraroa egingo litzaidake. Ondo idazteko zintzo idatzi behar da, eta zintzotasun horrek babes maila bat ere eskatzen dio zeure intimitateari. Babes maila hori oso ondo errespetatu diogu elkarri. Sortu behar duzu zure bihotzarentzako eta zure grinarentzako leku epel eta seguru bat, gero hortik idazteko. Eta defendituko zaituena baita ere kritikari garrantzi gehiegi emateaz, baita irakurleen erreakzioa zein izan daitekeen gehiegi aurreikusteaz ere.

«Aiztoa eta arkatza»-n idaztearen inguruko aholkuak bildu zenituen. Atentzioa eman zuen euskal idazlerik ez aipatzeak.

Bai, baina ez zen nahita izan... Uste dut anglosaxoiek badutela mistifikazio maila txikiago bat, hainbeste aholku, gida, sorta eta tailer... gehiago landu dute parte hori. Hemen ematen du idazten ikasteko norberak egon behar duela bere bakardadean bere musarekin orduak sartzen...

Literatura bizitzeko modu itxiagoa dugu?

Ez dut uste, gehiago da ez dugula bereziki ohitura hori. Aholku asko idaztearen ofizioari garrantzia kentzearen leku horretatik zetozen. Gehiago zen esatea idaztea beste edozein lanbide bezalakoa dela, lanbide guztietan dagoela sormen maila bat; industrian ontzi-garbigailu bat sortzean sormena dago, sukaldaritzan zeresanik ez... Idaztean ere, sormena eta teknifikazioa behar dira, eta esperientziak garrantzi handia hartzen du. Desmitifikazio horretatik zetorren liburua, ez baitago idazteko modu bat, adierazi nahi nuen norberak bilatu behar duela bere buruan zer den zintzoa beretzat eta nola adierazi hori, eta horretarako balio dion edozein teknika, nahiz arraroena nahiz ohikoena, ondo etorriko zaiola, eta saiatu egin behar duela.

Birritan aipatu duzu zintzotasuna. Hori litzateke Irati Jimenezen aholku nagusia: idazten duzunean, izan zaitez zintzoa.

Maila batean bai. Stephen Kingek badu autobiografia bat, “On Writting”, jeniala, oso dibertigarria eta zorroztasun handiz idatzia. Bertan esaten du: «Edozer idazten duzula ere izan dadila benetakoa». “Carrie” idatzi zuenean bere institutuan zegoen neska oso bakarti bat zeukan gogoan, inpresionatu egiten zuen neska horretan sentitzen zuen minak eta sufrimenduak, bere bakardadera ere konektatzen zuen. “Misery”-n bere alkoholismoaz idatzi nahi izan zuen. Urte askoan sentitu zuen idazten zuela behartuta, adikzioak bortxatuta. Batzuetan ikusten dira testu batzuk kaskarrak; iruditzen zaizu ez dutela asmatu, eta testuaren sakonera begiratzen baduzu konturatzen zara ez dutela ezer esaten, horregatik ez dutela funtzionatzen. Beste askotan sentsazioa duzu idazten duenak bere buruaren irudi bat saldu nahi duela bere buruaren irudi bat bilatu beharrean. Lehen bulkada barrura begirakoa izan behar da: barrura begira bilatu nahi dut nire egia bat egia hori besteei komunikatzeko, besteekin kontaktatzeko. Fikzioen mundu horretan asmatuko dugu gure giza esperientziaz ari garen neurrian.

 

«Feminismoaren alorretik oso interesgarria da ikuslea ikus-entzunezko testuak begiratzen trebatzea»

Telesailetan emakumeoz ematen den irudiaz idatzi izan duzu.

Bai, eta orain idazle batzuk lanean ari gara Txalapartarekin, ikus-entzunezkoen mundura generoaren ikuspuntutik hurbiltzeko, eta begiratuko diogu genero fantastikoari, terrorezkoari, zientzia fikzioari... Feminismoak bizi duen berpizkunde honetan oso interesgarria da halako analisiak egitea, ikus-entzuleak ikus-entzunezko testuak begiratzen trebatzea, ikus-entzunezkoekin analfabetismo maila batean bizi baikara; disfrutatzen ditugu baina ez ditugu oso ondo konprenitzen. Generoaren ikuspuntutik aztertzea ere garrantzitsua da, programazio patriarkalak baitaude baina baita ez patriarkalak eta feministak ere, zorionez gero eta gehiago direnak.

Eta literaturan? Izan al da aldaketarik genero ikuspuntu horretatik?

Azken hamarkadetako aldaketa nagusia izan da argitaratzen dugun emakumeak gero eta gehiago garela. Tradizionalki gizonezkoak izan dira idatzi dutenak eta haien genero ikuspegia da agertu dena. Emakumeok idazten dugun neurrian elkarrizketa berri bat sortzen da irakurleekin, eta horrek leku ezberdinetara eraman gaitzake. Horrek ez du esan nahi genero ikuspuntua eta generoarekiko ardura emakumeengan soilik dagoela edo emakume guztiongan dagoela, inolaz ere ez; are gehiago, nik generoari buruz euskal literaturan irakurri dudan gauzarik ederrena, interesgarriena eta nire emakume esperientziarekin gehiago konektatzen duena Oier Guillan-en “Mr. Señora” da. Beraz, hor ikusten da generoarekiko ardura gero eta gehiago dagoela guztiongan, konturatzen garela eta konturatzen jarraitu behar dugula oinordetzan hartu dugun sistema honetan patriarkatuaren programazioak denoi programatu zaizkigula, nahiz eta emakumeok izan garen askotan subjektu subordinatua eta maila batean gizonezkoei eman zaien emakumeen kontra indarkeria erabiltzeko aukera. Hori horrela izanik ere, denok gara sistema beraren parte, denok gaude intoxikatuak eta denontzat da patriarkatua sistema desegoki, mingarri, injustu eta beldurgarri bat. Eta horrekin apurtzeko bidean denok dugu gure ardura, onurak ere denontzat izango baitira.A.A.