Inoiz baino bertsolari gehiago Nafarroako txapelaren lehian
43. Nafarroako Bertsolari Txapelketen final laurdenak hilaren 18an hasiko dituzte Tafallan. 35 bertsolarik parte hartu dute apirilaren 8an Iruñean burutuko duten txapela eskuratzeko norgehiagokan.

Inoizko parte hartzaile kopuru handiena du aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Orotara, 35 bertsolari ariko dira Julio Sotok 2015an lortutako txapela eskuratu nahian, orduan baino bi gehiago. Iruñean apirilaren 8an egingo duten finalean Sotok berak berriro janzten duen edo beste norbaiten burua apaintzen duen jakin aurretik, ordea, bertso ugari asmatu beharko dituzte.
Antolatzaileen ustez, parte hartzearen hazkundeak erakusten du sasoi onean dagoela bertsolaritza Nafarroan, eta hori, azken urteotan Nafarroako Bertsozale Elkarteak transmisio arloan egin duen lanarekin estuki lotuta dagoela. Horri esker gazteek eta helduek bertsolaritza ezagutzea eta zaletasuna sustatzea lortu baitute, Txapelketaren xede nagusietako bi.
Orotara, hamar saio izango ditu aurtengo norgehiagokak. Hain zuzen ere, otsailaren 18tik apirilaren 8ra bitarte jokatuko dituzten bost final-laurdenek, hiru finalaurrekoek eta finalak osatuko dute egutegia. Horri gehitu behar zaio, abenduan egin zuten kanporaketa. Izan ere, bederatzi bertsolarik lehenengoz parte hartu dute Txapelketan. Horiek final-laurdenerako txartela lortzeko lehiatu ziren abenduan, eta horri esker, aurrera jarraitu dute Saats Karasatorrek, Joanes Illarregik, Joana Zigandak eta Sahats Alemanek.
Egin beharreko lanak ohikoak izango dira. Hasteko, binaka: hiruna bertso zortziko handian, zortziko txikian, eta hamarreko txikian. Gero, kartzelako lanean banaka ariko dira. Lehen puntuan emanda bi bertso zortziko txikian eta beste bi nahi duten doinu eta neuran egin beharko dituzte.
Tafallatik Iruñeara
Lehen sailkatze proban Julio Soto, Kotte Plaza, Iñigo Olaetxea, Iban Garro, Mikel Lasarte eta Sahats Aleman izango dira. Hilaren 19an, aldiz, Xabier Terreros, Saioa Alkaiza, Alazne Untxalo, Patxi Castillo, Ioar Tainta eta Joana Ziganda. Astebete geroago Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Iker eta Egoitz Gorosterrazu eta Joanes Illarregi seikotearen txanda izango da. Martxoaren 4an Oskar Estanga, Julen Zelaieta, Amaia Elizagoien, Josu Sanjurjo, Ekaitz Astiz eta Saats Karasatorrek ariko dira bertsotan eta hurrengo egunean; Eneko Fernandez, Ander Fuentes “Itturri”, Sarai Robles, Xabier Maia, Irati Majuelo eta Oscar Sanz de Acedo. Martxoaren 18tik 26ra final aurrekoak jokatuko dituzte Bera, Antsoain eta Agoitzen. Irabazleak eta bost puntuazio onenak dituztenek elkar ikusiko dute Iruñean.

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
