Maitane ALDANONDODONOSTIA

Garoak Donostiako liburu denda itxiko du otsailaren 13an

Donostiako Garoa liburu dendak bere ateak behin betiko itxiko ditu datorren astelehenean, hilak 13. Azken asteetan bat egin duten zenbait faktorek erabakia hartzera eraman dituzte bere arduradunak. Hurrengo urratsen inguruan gogoeta egingo dute datozen hilabeteetan, baina Imanol Arregi jabeak aurreratu du beste proiektu batzuk etorriko direla.

Donostian egindako bi urte eta erdiko ibilbidea amaitutzat jotzea erabaki dute Garoko arduradunek. Hiruhilekorako prestatutako jardueren berri eman zutenetik hiru aste bete direnean, uztea aukeratu dute. Berehala gauzatuko dute, gainera, Zabaleta kaleko Garoa Kultur Lab liburu dendak otsailaren 13an betiko itxiko baititu ateak.

Azken asteetan elkargurutzatu egin diren hainbat faktorek erabakia hartzera behartu dituzte. Zehaztu dutenez, guztiak pertsonalak dira eta proiektuaren egoera ekonomikoarekin loturarik ez dute. «Ez genuen arrazoi ekonomikoak direla medio zabaldu Donostiako laborategia, eta ez dugu arrazoi ekonomikoengatik itxiko. Erabaki pertsonala da hartu duguna, erabaki intimoa». Ezustekoa izan da, baita beraientzat ere. Komunikazioaz arduratu den Oier Aranzabalek aitortu duenez, egoerak eta hautua egin behar izateak ezustean harrapatu ditu, ez zuten espero. «Batzuetan aurrera, atzera, ezker edo eskuin egitea erabaki behar duzu. Ixtea aukeratu dugu, baina indar hori mantentzeko. Jarraitzen saia gintezke, baina Garoa proiektu globalagoa da». Halere, ez da inondik inora urrats erraza izan, Imanol Agirre jabearen esanetan. «Amets pila jarri ditugu hemen, pasio pila. Askotan bizitzan gertatzen den bezala, erabaki bat hartu behar duzu eta ez dago momentu onik. Irekitzeko erabakia hartu genuenean bezala, ixterakoan ere oso libre gara. Eta erabat harro egin dugun bidearekin».

Duten pasioa eta indarra ez galtzeko modua izatea ere espero dute. Proiektuari dagokionez, aurrera jarraitzeko aukera bazutela uste dute, baina nahiz eta gauzak ondo joan, «momentu bat irits daiteke proiektuak berak zu eramaten zaituena. Alegia, bizitza lehenetsi behar duzula. Oso polita izan da eta izango zen, baina beste proiektu pertsonal batzuk ere badaude, eta bizitza orekatu egin behar da», dio Agirrek. Halaber, bidean dituzten beste proiektu batzuei helduko diete. Batzuk hasteko, beste batzuk amaitu behar dituzte; batzuei eusteko, beste batzuk utzi; eta Agirreren ustez, «momentu egokian agur esatea garrantzitsua da».

Uda artean, hausnarketa

2014ko uztailean irekitako dendan «oso zoriontsua» izan dela dio jabeak, baita erabakia hartu duenean ere. Itxierak herritarrengan piztu duen erantzunarekin, ordea, harrituta dago, egunero askotariko saltokiak ixten baitira eta «bizitza askoz gehiago» da. Antolatu izan dituzten ekimenek eta liburu dendak berak hainbatengan hutsunea utziko dutela ulertzen du, hala ere. «Hemen bakoitzak bere esperientzia eduki du, norbanakoarenak dira, eta bere erara helarazten du. Baina lasai! ez da ezer pasatzen! Oinak lurrean jartzeko unea da». Horiei gonbita ere luzatu die. «Erosi eta disfrutatu irekita dagoen bitartean». Aranzabalek, aldiz, gogoratu nahi izan du denda baino askoz gehiago hartzen duela Garoak. «Garoa ez da Donostian sortu eta ez da Donostian amaituko». Ia 50 urte dituen eta egitasmoaren sorburu den Zarauzko dendari eutsiko diote.

Etorkizunean bestelako jarduera batzuk etorriko direla badakite, «gu geu horrelakoak garelako». Uda bitartean luzatuko den hausnarketa prozesu batean murgilduta dabiltza orain. Aranzabalek azaldu duenez, «non gauden ikusi eta nora heldu nahi dugun asmatzen saiatzea». Etapa berri bat hasiko dute, euren burua berriro definitzea eskatzen duena. Etengabe aldatzen ari den proiektua da eta modu positiboan eman dute pausoa. Etengabe aldatzen ari den egitasmoak bestelako forma hartuko du, berriz enfokatuko dituzte pasioa eta indarra. Itxierak langile bakarrari eragingo dio, oraintsu hasitakoa, baina proiektura jendea biltzen jarraitzeko nahia dute.

Egitarauan moldaketak

Liburu dendatik harago, esperimentazio gunea ere izan da Garoa Kultur Lab. Kultura, letrak, artea, teknologia berriak, eztabaidak... askotariko gaiek eta ekimenek izan dute bertan tokia. 2014ko uztailean zabaldu zutenetik, 400 ekimen antolatu dituzte. Lehen hiruhilekorako atondutako egitaraua mantentzen saiatu dira, nahiz eta saioren bat ezingo duten bete.

Hala, ostegunean Luis Haranburu Altunak “Crepúsculo de Dios: Historia Cultural del Cristianismo en Vasconia” liburua aurkeztuko du eta ostiralean Maite Carrillo artistak bere erakusketaren bisitaldi gidatua egingo du. Julio Villarren “Viaje a pie” eta Ibon Sarasolaren “Bitakora kaiera”, aldiz, Zarauzko dendara pasatuko dituzte, hilaren 15ean eta 16an, hurrenez hurren. Aitor Gorosabelek hilaren 24an eman behar zuen Paperezko Kontzertua bertan behera utzi dute, eta Zarautzen bakarrik egingo du, beraz. eta Elliott Murphy protagonista izango duen martxoaren 31koa Tabakalerako Kutxa Kultur espaziora lekualdatu dute. Amigas de Papel irakurle taldea, aurreikusi bezala, hilaren 22an bilduko da Groseko lokalean, ateak itxita.