Maitane ALDANONDO

LEKUZ KANPO SENTITZEN DIREN BI PERTSONAIAREN ADISKIDETASUNA

Teresa eta Tim ipuin bilduma bateko protagonistak dira. Orain, pantaila handira salto egin dute, sortu zituen Agurtzane Intxaurraga aktorearen eta Dibulitoon Studio ekoiztetxearen eskutik. Aurrekontuz xumea baina bihotza duen filma dela dio zuzendariak.

Teresa eta Tim galtzagorria oso berezko sentitzen ditu Agurtzane Intxaurragak. Eta ez da harritzekoa, ondo ezagutzen dituen jardunen ertz berriak lantzeko aukera eman baitiote. Antzerkia idazten ohituta, irudi batean oinarrituta neskatoari eta iratxoari buruzko sei ipuin asmatu zituen. Idazten ari zela ez zitzaion «burutik pasa ere» pantaila handian ikusiko zituenik, are gutxiago filma berak zuzenduko zuenik. Eskaintza horixe egin zion Dibulitoon Studiok 2014an eta lanaren emaitza da zinema aretoetara hilaren 3an iritsi zen “Teresa eta Galtzagorri. Adiskidetasunaren magia”.

Juan Luis Carrerasek abentura berri bat biziarazi die bi protagonistei. Galtzagorriek udaberria dakarte urtero eta Tim iratxoa estreinakoz iritsi da. Feriako soinuek nahasita, gainerako iratxoengandik bereiziko da eta Samuel eta Vlad gaiztoek harrapatuko dute. Teresa, aldiz, 6 urteko neskatoa da eta Jon neba txikiak jeloskor sentiarazten du. Ferian Tim ikusiko du eta hasieran arrazoi ezberdinek bultzatuta elkartuko badira ere, gero, lagun bilakatuko dira. «Biak ezberdin sentitzen dira eta bat-batean elkar ezagutzean adiskidetasunaren magia sentituko dute. Gai izango dira mundua beste begi batzuekin ikusi eta elkarrekin hegan egiteko», azaldu du Intxaurragak. Pertsonaiak bere horretan berreskuratu dituzte, baina ipuinetako zenbait elementu berridatzi dituzte. Esaterako, Teresak ez du aitarik. Kanpoan uztea Intxaurragaren aholkua izan zen, aitak ez baitzuen ekarpenik egiten hasierako gidoian. Beraz, Ester bi seme-alaben ama senargabea eta familiaburu bakarra da.

75 minutuko animazio film xumea da, entretenitzea helburu duena, pedagogiarik egin gabe. Hala ere, balio batzuk transmititzen direla aitortu du bizkaitarrak, bereziki, adiskidetasuna eta honek dakarren konpromisoa, ardura... 4-8 urte arteko haurrentzat egokia dela uste du, Teresarekin eta etxean gertatzen zaionarekin identifika baitaitezke. Berak hala nabaritu zuen estreinaldiko asteburuan. «Anai-arrebekiko zeloak, bakarrik zaudela sentitu... bor-bor nabaritu nituen sentipen horiek zineman». Halaber, gurasoek ere gertuko senti dezaketela uste du eta zenbait gairen gainean hitz egiteko aukera ematen duela.

Bizipen «aberasgarri eta potentea»

Ipuinak «erronka» izan ziren Intxaurragarentzat, baina dituen hiru semeengatik ondo ezagutzen duen mundu batean murgildu eta egungo umeak bezalakoa den Teresa sortzea erabaki zuen, ohiko beldur eta ilusioekin. Filmaren zuzenketari antzera aurre egin dio, animaziozko pertsonaiak «hezur-haragizkoak» balira bezala tratatu baititu. Teknika berria izanik, ulertu beharra izan du. Jardunak etengabe adi egon eta storyboard-a paperean zegoenetik erabakiak hartzera behartu du, ekarpenak eginez sentimenduak transmititzeko edo pertsonaien mugitzeko moduaren inguruan. Dioenez, zailtasun nagusia, une batetik aurrera interpretazioa bere horretan utzi behar izan zuela da. «Animatuta daudenean, interpretazioa ezin da aldatu, aldaketa bakoitzak denbora asko eskatzen du eta kostu ekonomiko handia du», zehaztu du. Animazio arduradun Anjel Alonso izan du alboan eta berak esan dio zer den posible eta zer ezin zuten gauzatu.

Alor guztietan filma ondo janzten saiatu da. Adibidez, Joseba Beriainek sortutako musika «neurrira egindako jantzia» da, behin dena animatu eta gero egina. Bikoizketarako, berriz, ogibidez aktoreak diren aktoreak aukeratu ditu. Hala, Teresa eta Timen ahotan Aintzane Crujeirasen eta Anjel Alkainen ahotsak entzun daitezke.

Bizipen «aberasgarria eta potentea» izan da bizkaitarrarentzat, «bizitzak eman didan aukera polit bat». Antzezpenari buruzko ezeri ez dio atea ixten eta errepikatzeko gogoa du. Teresak abentura gehiago biziko dituen ez daki. Ekoiztetxea pozik dago, beraz; harreraren araberako erabakia izango dela uste du. Joan den astean banatu ziren Goya sarietarako hautagaitzari esker, bolo-bolo ibili da filmaren izena azken asteetan. Zuzendaria harrituta dago hedabideek emandako garrantziarekin, ez baitzuen espero. Irabazi ez arren, filma ezagutarazten lagundu du eta euren autoestimuarentzat ere ona izan da. «Adinarekin oinak lurrean izaten ikasi dut eta pozik nago, bereziki, niregatik zintzo poztu diren ingurukoak ikusita. Hori izan da niretzat politena».