GARA
DONOSTIA

Ernaik 54 «gune prekario itxi» ditu, iaz hildako langile bakoitzeko bat

Ernaik jakinarazi duenez, asteon urteko hamahirugarren langileak galdu du bizia. Joan den urtean, aldiz, 54 izan ziren hildakoak. «Badirudi ohitu egin garela albistegietan titular bera irakurtzeaz». Hori salatzeko, gazteek 54 establezimendu «prekario itxi» dituzte, pintadak eginez; gune bat, iaz hildako langile bakoitzeko. «Gune bakoitzeko egunero-egunero milaka gazte gaude esplotazioaren jomugan».

«Gazteok orain eta etorkizun beltza dugu parez pare –adierazi dute–. Edozein enplegu edonolako baldintzetan, langabezia, ezkutuko lanak edota atzerrira alde egin beharra da eskaintzen diguten bakarra».

Egoera kaskar hau «krisi deitutako iruzurraren aitzakian elite baten mesedetan sistematikoki ezarritako politika batzuen ondorio dela eta eurek bizi egin nahi dutela eta ez iraun aldarrikatu dute gazteek.

«Gure buruen jabe eginez lan, ikasi eta bizitzeko garaia da», esan dute, euskal gazteria prekaritatearen aurrean antolatzera deitzearekin bat.