Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Lokaletik beste moduz begiratuz…

Bada bai, egutegi gregorianoaren urteko laurogeita hamazortzigarren eguna izango da hori, aurten bisurtea ez denez. Apirilak zortzi izango dituen egunaz nago; burdina, lurpetik zerupera etorrita, aire zabalean herdoiltzen hasiko den eguna. Jendarte zibilaren hauspotiko oxigenozko herdoiltzea, azkenean. Airea girotzeko izan dadila, haize freskoaren bidean. Egun horretan, behingoz, izango dute zamaketariek azken laneguna, greba beharrik gabe, hamarkadetako zamalana historia liburuetan orri utzita, irakurleen iritziaren eskura.

Aste santuaren bezperan izango da hori, iparrerago ostiral santua izan zen hura gogoan. Pentsatu behar dut egun santuak izatea kasualitate hutsa izana, ez kausalitatea. Mon Dieu!

Baina tira, buruan orain erlijioa gurutzatu zaidala, zera: Jainkoak sortu eta zezen larruan eroso sentitu nahiak batzen ditu! Lakuako kontu-kideez nago orain, jada atze-kontuak diren aurrekontuak gogoan. Batu esan dut, batzoki esate aldera; bildu esatekotan, batek daki zer ondorioztatuko zuten sinesle batzuek! Amen.

Total, armagabetzea dela-eta, Lakua bera ere animoso antzean. Hortaz, bere esku dagoen guztia egingo duela esan du, guztia bere esku ez dagoela esatearekin batera. Hain da gutxi bere esku dena! Funtsezko gauzetan gutxi, atera kontuak!. «Hain da zaila esatea…» geroa hemendik josteko behar beste hari ez dugula gaur hemen? Matazan ari garela? Amen.

Gure esku dagoela erabakitzen ari dira gaur milaka herritar. Lekukoa indarrean jartzen, lokalik gabe ez baitago globalik. Beste zortzi batean, “Gaur8”-n hain justu, zera ikusi dut: «Begiratzeko modua aldatzeak aldatu dezake mundua». Hortaz, eusko gidariak gara! ari dira iparraldean gaur esaten, eusko monetaren aldeko apustua gidatzen. Lokaleko jendartetik globala beste moduz begiratuz…