Maider IANTZI
ARABAKO BERTSOLARI TXAPELKETAKO FINALA

OIHANE PEREAK IRABAZI DU TXAPEL MOREA, GOGOAREN INDARREZ

IRATXE TA SAMANIEGO ZATITXO BAT ERDIBANA/ LAUTADAKO BERTSO ESKOLA GAUEAN BADUGU PLANA/ TA ZUEI BERTSOZALEAK HORI INDARRA HORI XARMA/ NIK PIXKA BAT SUFRITU DUT BAI ASTE HONETAN BARNA/ OSPITALEAN DAUKAGU GURE ETXEKO ARMIARMA/ GOGOAREN INDARRA DA ENTREGATZEN EZ DEN ARMA/ GAURKO HONETAN TXAPELAK MAITETXO IZENA DARAMA».

Horixe, Arabako bertsolari txapeldunaren, Oihane Perearen, azken agurra. Malkotan abestua, bere begietan eta entzuleonetan ere bai. Bertso horretantxe laburbiltzen da Zalduondoko piratak Printzipal antzokian egin duena. Hasieratik bukaerara hunkitu du bertsozalea laugarren txapela etxeratu duen bertsolariak. Emozioak dantzan jarri dizkigu irabazlearengandik puntu bakarrera gelditu den Asier Otamendik ere. Horra seikotearen puntuazioa: Oihane Perea (591,5 puntu), Asier Otamendi (590, 5), Manex Agirre (390), Xabi Igoa (384,5), Iñaki Viñaspre (380,5) eta Serapio Lopez (372).

Saioa hagitz ongi joan da eta oilo-larrutan jartzen gaituzten bertsoez aparte, irri algaraz lehertzekoak ere izan dira. Hona adibide bat: maitaleak dira Asier eta Oihane. Urtegian bainua hartu dute larrugorritan eta ateratzean arroparik ez dagoela ikusi dute. «Asier asko galtzen duzu zuk arroparik gabe», bota dio Oihanek. Eta horrelaxe erantzun Asierrek: «Egon hortxe egonean/ zeren nik asko hobetzen baitut iluntasunean». «Ai ilargiaren xarma/ datorrenean guregana/ Adan ta Eva paradisuan bezala ai ama/ zu nere Asier laztana/ ta hori zer da banana/ gaurko honetan ez da sagarra nik jango dudana», erantzun dio zalduondarrak.

Txapelduna zortziko nagusiko ariketatik hasi da hagitz ongi, hunkigarri, Manex Agirrerekin batera. Gurasoak dira. Alabari gaixotasun degeneratibo bat diagnostikatu zioten. Alabaren nahia izan da beti gaixotasuna muturrera heltzean heriotza duina izatea eta unea heldu da. «Aita ta ama bezala hau da azterketarik zailena», bukatu du lehen bertsoa Zalduondokoak. Eta hala jarraitu dio Aramaiokoak: «Bi zati ditut pertsona ta aita nik halaxe dut ikusten/ pertsonak nahi du baina ai aitak ez dio egiten uzten». «Ene maitea zuk badakizu orain behar duguna/ demostratzea gure alabari benetako maitasuna», segitu du Oihanek. «Heldu zaidazu eskutik eta biok egin dezagun klik/ eskerrik asko gure bihotza eman diguzunagatik» josi du hurrena, eta ederki borobildu du Manexek bertsoaldia: «Joaten utzi zaiogun irrifar zabal batekin».

Seiko motza, ederra

620 lagun bildu ditu Gasteizko Printzipal antzokiak. Pankartaz beteta hartu ditu areto ederrak bertsolariak. Bata txapel formakoa, saioko nagusienari eskainia: “Aupa Serapio! Nik gorria eta hik beltza, gu bion ametsa”. Txapelketaren sintonia aditzearekin batera etorri dira lehen animo eta poz oihuak, eta txalo erauntsi batean sartu da seikote protagonista.

Nagusiena izanagatik, berriena izan da Serapio. Aurrenekoz probatu du oholtza goxo hau eta lehen unetik konkistatu du entzulea. Dardara sumatu zaio, urduritasuna. Dardaraz egon gara gu ere publikoan, bertsolarien keinuei adi. Bertsoaldia bukatu ondoko sorbalda kolpeak, esku emateak, ongi eginaren irribarreak eta ihes egindako puntuen amorruak.

«Denbora da gauza bat falta ohi zaiguna» puntuari ederki erantzun dio Baranbiokoak, publikoa irriz jarriz: «Hori langileentzat oso ezaguna/ ni funtzionario naiz ez da hain lan astuna/ niretzat nahiko errez dijoa eguna».

Iñaki Viñasprek ere barrea atera digu bere puntu erantzunarekin: «Guraso izatea hautu pertsonala/ ta nahi duenarentzat marroi mundiala/ nere lagunak Koldok egin berri du hala/ eta zorte handia eduki dezala».

Seiko motz ederra osatu dute seiek, hagitz umoretsu. Serapio eta Xabi zahar egoitzan dauden bi agure dira. Barrez hasi dira ohartu direnean batak bestearen hortzeria postizoa jarri duela. Hala ekin dio Serapiok: «Nik hortzeria dut hartu ta nere ahoan sartu/ zerbait arraro nabaritu dut zer madarikatu/ hortzeria dut aldatu/ eta zer zaidan gertatu/ (arraro solasean hasi da, ulergaitz) ezin dezaket ondo ahoskatu».

Aramaioar gaztearen erantzuna: «Ulergaitz bere aho jokoan/ ‘Z’ hoiek oztopoan/ hortzak ditugu guk ezarrian modu kontrakoan/ zerbait bainuen kolkoan konturatu naiz atoan/ hagin artean ile gorri bat ikusitakoan».

Irri ederrak egin ditu jendeak Iñaki eta Manexekin ere. Zoologikoan arratsalde pasa dabiltza. Tximinoen keinuei erreparatuta ez direla hain desberdinak iruditu zaie. «Eboluzioak lana egina dauka andana/ eta pauso bat gehiago egin du zugandik nigana» zirikatu du aramaioarrak adiskidea. Tximu bat bezala zintzilik utzi nahi izan du Iñakik kidea, eta Manexek kaiolara sartzea proposatu du, kanpokoekin baino hobeto moldatuko direlakoan.

Giroa gori-gori dago bakarkako lanak bukatu eta buruz burukora nortzuk pasatuko diren jakinarazi dutenean. Asier Otamendiren izena erran dute lehenik, gero Oihanerena, eta hau jendearen poza! “Iparragirre abila dela” doinuan ofizio umoretsua osatu eta gero, kartzelako ariketari heldu diote. Hona gaia: aspaldiko partez elkarrekin atera zarete kalera.

«Ospitalean hor izan ditu mediku eta ohatze/ gaixotasun hau gainditzea da saminkorra bezain luze/ ta une horretan pertsonak dira harri berriaren gose/ nik eskutikan heldu diot ta nahi hori nuen nahi ase/ ta belarrira aitortu diot xume-xume bezain aise/ gaixotasuna senti dedala neuk baneuka bezelaxe», kantatu dio Asierrek bigarren bertsoa minbizia gainditu duen lagunari.

Amari eskainia

«Irribarre eta negar egin dugu guk batera/ eta egun berdinean baina posible ote da/ berri txar bat izan leike bizitzaren arabera/ elkartzeko aitzaki bat bere biziko aukera/ gaur pasiora goaz gu ta erori gabe bera/ berriz eman behar dugu biok pausu bat aurrera», kantatu du Oihanek bigarren bertsoa, egiatan kantatu ere, ama ospitalean baitu. «Pasiatzeko eguna iritsi zaigu azkenik/ erreabilitazioan bi hilabete egonik/ iktusak ere izan du zuretzako gauza onik/ beraz bagoaz kalera jantzi ederrak ipinirik/ hartzazu muxu handi bat hauxe esan nahi dizut nik/ ez dagoela gu biok garaituko gaituenik», bukatu du hirugarrena, eta giroak eztanda egin du orduantxe. Karla Santistebanek jantzi dio ongi merezitako txapela bertsolari xarmagarri eta indartsuari.