Biolentzia matxistari erasotzailearen ikuspuntutik erreparatu dio Mehtak
Ezerosoa da Deepa Mehtaren «Anatomy of Violence» filma. Gordina. Hala behar duela uste du zinemagile indiarrak, genero berdintasuna lortu nahi bada erasotzailea erasotzaile zerk egiten duen ere ikertu behar dela. Filmean, 2012an New Delhin emakume indiar bat bahitu, bortxatu eta heriotza eragiterainoko zauriak eragin zizkioten sei gizonen bizipenak berreraikitzen ditu Mehtak. Gaur, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko saria jasoko du.

“Anatomy of Violence” ez da zinemako butakan eroso eta lasai ikusten den film horietakoa. Lehen sekuentziatik, ezinegona jabetuko da ikusleaz, amorrua zenbaitetan, higuina besteetan, eta ezerosotasuna ia film guztian zehar. Lan honengatik, eta zinemagile bezala Indiako gizartea eta emakumearen egoera erretratatzen egindako lanagatik, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria jaso du Deepa Mehta zinemagile indiarrak.
Saria gaur emango diote, 20.00etan Victoria Eugenian egingo den jaialdiaren itxiera galan. Aurretik, baina, izango da zinemagilearekin filmaz eta bertan berregiten den errealitateaz luze eta zabal hitz egiteko aukera: 16.30ean, antzoki berean, “Anatomy of Violence” emango dute, eta, ostean, zinemagile indiarrarekin solasaldia izango da (sarrera doakoa da).
Filmaren oinarrian 2012an Indiako eta mundu osoko gizarteak asaldatu zituen eraso matxista bat dago: abenduaren 16an, New Delhin, etxera itzultzeko garraiobide bila zebilen bikote bat bahitu eta emakumea bortizki bortxatu eta jipoitu zuten sei gizonek autobus batean. Bi aste geroago, emakumea hil egin zen erasoan jasandako zaurien ondorioz. Harekin zihoan gaztearen testigantzari esker, sei gizonak epaitu egin zituzten eta heriotza-zigorra ezarri zieten; haietako batek bere buruaz beste egin zuen, beste bati adin txikikoa zela-eta hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta gainerako lauak Indiako Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitearen emaitzaren zain daude, Tihar herriko kartzelan.
Filmean, Mehtak erasotzaileen aztarnen atzetik jartzen du ikuslea. Haien haurtzaroko zenbait bizipen berreskuratu, bizi zuten egoera marjinala erakutsi eta erasoa burutu zuten unerainoko urratsak jarraitzen ditu, eta erasoaren ostean jada espetxeratuta egonik aurrera eraman zuten basakeriarekiko sentitzen duten arduragabekeria ere islatzen du Mehtaren filmak.
Sariaren aurkezpen prentsaurrekoan, Metha talde-bortxaketa hark Indian izan zuen eraginaz aritu zen. «Gertakariaren gogortasunagatik, eragin handia izan zuen Indian eta mundu osoan. Ni New Delhin nengoen egun hartan, eta beste hainbatekin kalera irten nintzen protesta egitera, halakoak berriro gerta ez daitezela eskatzeko, emakumeon eskubide, duintasun eta segurtasunaren alde». Urtebete geroago, zenbait produktore estatubatuarrek gertakarian oinarritutako filma egin zezala eskatu zioten, baina Mehtak uko egin zion, «ez nuelako biktima berriro biktima egin nahi. Ostean, gertakariaren gaineko film bat estreinatu zuten; biktima jainkosa bilakatu zuten, eta horrek enbarazu egin zidan, biktima pertsona erreal gisa ez aurkeztea arriskutsua delako».
Gogoeta hark beste hausnarketa batera eraman zuen: «Bortxatzailea, jaio egiten da ala egin egiten da? Nola sortzen dira munstro horiek eta gizarteak ze ardura du sortze horretan? Hori ikertu nahi nuen».
Mehtak zortzi hilabete eman zituen sei erasotzaileen errealitateak ikertzen, eta, proiektua dokumental formatuan emateko zailtasunen aurrean, Truman Capotek “Odol hotzean” (1966) eleberrirako erabilitako formula hautatu zuen: errealitatean oinarritutako fikzio-dokumentala eraikitzea. «Bortxakeriaren gaineko eztabaida sortu nahi genuen, haratago joan eta jendarte bezala bortxatzaile bat nola egiten dugun arakatu», azaldu zuen Mehtak.
Erasotzailearekiko enpatia
Ikuslearen sentikortasunean eragin dezakeen filma da emaitza, eta hori agerian geratu zen prentsaurrekoan bertan: gizon batek, Donostiako alkate Iñigo Goiari eta Giza Eskubideen Zinemaldiko programazioaren arduradun Josemi Beltrani galdegin zien ea nola den posible jaialdiko sari nagusia «erasotzaileekiko enpatia» erakusten duen film bati eskaini izana. Filmaren amaiera polemikoari egiten zion erreferentzia, non bortxatzaile baten adierazpenak agertzen diren, besteak beste lehenago edo geroago heriotza denoi iritsiko zaigula, «inporta al du noiz?», esanez edota emakume hark «ordu horietan etxean egon behar» zuela eta, beraz, gertatu zitzaionaren erantzukizuna ere bazuela baieztatuz.
Mehtak interesez jarraitu zuen gizonaren erreakzioa, eta asebeteta agertu zen harengan piztu zituen sentipenengatik: «Joan egin da. Haserre. Agian idatziko du iruditu zaiola filmak ez dituela emakumearen eskubideak babesten, hor eztabaida piztuko da, eta hori da film honekin lortu nahi dugun helburua. Baina enpatiaz ere hitz egin digu: gizon bezala, emakumearekin enpatia izan du berak. Gizarteak behar du gizon honek erakutsi digun haserre hori, erasotzaileak zigortu egin behar direlako, baina batez ere erasotzaile gehiago ez egotea lortu behar delako», amaitu zuen.

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
