Ikasle presoei babesa eskaintzeko martxa egin dute Osnyko espetxera
David Pla eta Julen Mendizabalen testu bat eta Marixol Iparragirreren audio bat zabaldu dituzte kartzelaren atarian egindako ekitaldian.

Asteazken gauean abiatu ziren eta atzo goizean iritsi ziren Osnyko espetxera (Estatu frantsesa). Ikasle mugimenduko presoen aldeko hainbat talde elkartu ziren eta espetxean dauden ikasleen eskubideak aldarrikatzeko kartzelara bertara joan ziren. Bertan, Julen Mendizabal eta David Plaren testu bat zein Marixol Iparragirreren audio bat zabaldu zituzten.
Iparragirreren kasuan, telefono bidezko grabazio baten bidez, askatasunez gauzatu ezin dituzten ikasketen inguruan aritu zen: «Deserriratuta, mahaikideen babesik gabe, edota isolatuta ere gure herriaren taupadak entzun eta borrokan parte hartzen jarraitzen dugu. Ikasketek, aberastearekin bat, taupada horiek oraindik ere modu zehatzagoan aztertzeko eta ulertzeko baliabideak ematen dizkigute. Gure herriaren eraldaketan modu aberatsean trebatzen». Ondoren ikasle askok egiten duten aldarrikapenarekin bat egin zuen: «Estatu frantseseko kartzeletan badugu aukera EHUn ikasteko, eta zuek bezala ohartzen gara zenbat lan dugun parean amesten dugun Euskal Herriko unibertsitate publiko, nazional eta euskaldun hori eraikitzeko».
Mendizabal eta Plak, berriz, Euskal Herrian bizitzen ari garen garai berriak izan zituzten mintzagai. «Euskal Herrian egon nahi dugu etorkizuna denon artean eraikitzeko, bakean eta askatasunean. Izan ere, egunotan Euskal Herria konponbidea eta bakea nahi dituela oihukatzen ari da argi eta ozen. Areago, konpromisoak eta arriskuak hartzeko prest dagoela erakusten ari da. Eta, aspaldiko partez, herri osoa ari da ahalegin horretan; herritarrak, herri eragileak eta ordezkari politiko eta instituzionalak. Hori da jarraitu beharreko bidea».
Bestalde, Suitzan espetxean den Nekane Txapartegiren estradizioaren kontrako elkarretaratzea egin zuten atzo Bilbon Askapena, Nekane Libre plataforma, Sortu eta Bilgune Feministako 50 kide inguruk.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
