Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Denbora testigu!

Demografia kontuetan piramidea aldrebestu egin zaigu, orain alderik zabalena goian duela. Piramidearen ikuspegitik egoera egongaitza, inondik ere. Zahartzaroa nagusitzen ari dela diote. Bada, ez dakit, baina nik tarteka-marteka albistegiei kasu eginez kontrakoa dela esango nuke, hau da, gaztaro betean bizi garela. Zelan ulertu bestela handik eta hemendik azken aro honetan nagusitzen ari diren gazta lapurretak? Gaztagileen uzta gaizkileen puska. Gaztaroa.

Total, gaztetxe batzuk gaztez eta beste batzuk gaztaz … baina husten; indarrez biotan. Orain arte gazteak ziren kanpora zihoazenak, orain gaztak ere omen doaz! Mon Dieu! Oraingo gatazka gaztaka dator. Eskerrak ardiak larrean diren, bazkan! Pentsatu nahi dut Jaurlaritza serio hartzen ari dela gaztaro honetan gertatzen ari denaz. Eta espero ere, besteen hango aurrekontuetan partaide izan arren, beta aterako duela hemengo kontuari behar den moduan eusteko. Bertatik eusteko, jakina, hango euskal agendan sartu gabe! Espero. Izan ere, ponentzia bat beharko luke gai honek Legebiltzarrean, agerraldiak eta guzti. Baina hain daude parlamentuak larreetatik urrun! Latza gero ardi latxek emana hala galtzen uztea!

Esne txarra aparte utzita, azken egunotako gorabeheretan denborak duen garrantziaz konturatu naiz. Horra, kasuko, Ebro ondoko zentral nuklearra. Jabeak diren biak ustez ez datoz bat geroari begira, usteak ustel, nahiz eta bat etorri biok denbora eskatzean. Ziurgabetasunez betetako mundu honetan ez ninduke harrituko bion arteko akordiorik ezean zentralaren erdia bakarrik abian jartzeak.

Denbora testigu! Hara, kasuko, jelkideena, azken minutura arte eskua prest han negoziatzen hasteko. Txarrena zera, innobazio politikorako erlojua aspalditik dutela geldituta. Gazta gara gazta, eta ez gaude konforme, mundu garbiago bat…