Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Medikua arazo!

Lanpetuta ibili naiz aste honetan… prentsari begirada bat ganoraz emateko apenas betarik; komunean zerbait, notaren bat hartuta, baina ez behar bestekoa. Dena dela, irakurriak irakurri eta gauza bat argi atera dut sikiera: planetak foku bi izan dituela egunotan, Ipar Korean bata eta gure beheko Estatuko Kongresuan bestea. Tira, gauza bat da foku izatea eta beste bat, oso desberdina, argia ematea! Elektrikoak gogoan.

Bada bai, planetan diren munduak gero eta likidoagoak ei dira, munduok kontinenteetan izanda ere. Likidoa, bai, solidoaren kontrakoa. Inoiz ez bezalako ziurgabetasunak, keriak barne, dira gaur han-hemen eta, hala ere, ez dirudi beroketa globalaren aro honetan denbora nahikoa hartzen denik burua hozteko. Poetak zioenez, gaixo egotea baino larriagoa da mediku txarra izatea! Mon Dieu!

Tira harira! Hartu nota: notizia lauso batek ez dezala lerro-buru erakargarri bat oztopa! Bada bai, kupoaren gaitza dagoeneko sendatuta! Ama, ama! Zenbat gaixo ez ote dudan nik ikusi kupo hori baino sendotuagoak, sanoagoak. Medikua arazo! Aldebikotasuna indartu omen dute jelkideek… politika likidoa gero! ur geldienekoa! itotzeko modukoa!

Alehop! Burujabetza partekatua! Eta atzeraeraginezko bake fiskala! Innobazioa gero, jelkideena! Ez daukazuna partekatzea ere! Ez dakit zergatik, baina ustean nago ni engainatzen ari direla; ez diot gezurretan ari direnik, ez horixe mon Dieu! pentsatzen dutenaren kontrakoa esaten ari zaizkidala baino. Ezkorra naizela? Bai, osoa, baina aktiboa. Lehengoan non edo non irakurri nuen, ezkorrak erratuta egoten direla baina beharrezkoak direla; baikorrek, ostera, arrazoia izaten dutela baina arriskutsuak direla, oso… Kontuak atera, langabezia murriztu egin da inaktibitatea handitu delako, ez enpleguak gora eginda! Amen.