Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Sua eta kirtena!

Bai, aitortu behar dut, txundituta utzi nau, ustez harrizkoa naizen hau beraztuta utzi ere! Granitoa nintzela eta, bai zera, arbela! Ustearen ustela! Bai, hortaz ari naiz, beheko Estatuak hemengo zerari jarri berri dion serie luzeko azkeneko helegiteaz, Poliziaren biktimen legeari jarritakoaz, hain zuzen. Gehienetan, hango polizia, hemengo biktimak. Amen. Adibide bikaina gero, argia, ederra eta hunkigarria… burujabetza partekatuarena. Tori innobazioa!

Bai, egia da, jelkideak beti daude gertu, partekatu zer horren izenean, euren ipurdia ere sutan jartzeko; oraingoan berdin, kupoa kupo.

Esaten ez dutena da, ostera, jelkideak daudeneko zartaginaren kirtena beheko Estatuak maneiatzen duela, helduleku hartuta, eta gainera sua bera beheko horiena izanda eurek hauspotzen dutela beren nahierara.

Eta jakina, zelako heldulekua halako helegiteak. Etenik ez duen helegite seriea. Nik erreibindikatu egiten ditut etenak; alaiak direlakoan nago, jarraitua tristea denean sikiera. Eta hain da tristea burujabetza partekatu hau, ezen burugabetza dirudien.

Gainera, etenaldiak aukera ematen du mahaiaren bueltan jesarri, burua hoztu, arima dutenek arima lasaitu, eta gerora nahi diren agertokiak irudikatuta harako jokabideez gogoeta egiteko.

Baina ulertzen dut, zaila izan behar du gogoetarako beta hartzeak etenik gabe azpiegitura estrategikoen lehenengo harria sartzen ematen baduzu goiza; zuloa aurreko egunean azpikontrata batek eginda, jakina. Arbela, normalean, denbora eusle motela.

Gutxienez harri bera sartuko balute zulo guztietan! Ez zen harrobi berririk beharko!

Mon dieu!

Sukaldean egosten omen dira goiko politikaren itun-saltsak. Tontolapiko eta itsulapikoen artean.

Auskaloko elikagai transgenikoekin.

Batzuek kirtena eskuan, besteek ipurdia sutan. Biak burujabetza konpartitzen …