Brontzezko domina Mikel Urrutikoetxeak jantzi du
Aurreneko erdia parekatua eta ikusgarria izan zen, baina Rezustak opari gehiegi egin zituen azkenerako.

URRUTIKOETXEA 22
REZUSTA 12
Buruz Buruko Txapelketako hirugarren postua merezita bereganatu zuen Mikel Urrutikoetxeak, atzo Donostian Beñat Rezustari 22-12 irabazita. Hasiera gogor eta parekatu baten ostean, Beñat Rezustak nabarmen egin zuen behera eta Zaratamoko aurrelariak nagusitasun handiz erabaki zuen dema bigarren erdian. Emaitzak badu bere garrantzia, Irribarriak edo Bengoetxeak, arazo fisikoak direla medio, datorren igandean finala jokatzerik ez balute, beren lekua bizkaitarrak hartuko lukeelako, orain bi urte gertatu bezala. Espero dezagun hala ez izatea.
Atzoko neurketari kosta egin zitzaion erritmoa hartzea, aurreneko lauzpabost tantoak galdutako pilotak izan zirelako, baina protagonistak apur bat berotu zirenean tanto ederrak ikusteko aukera izan zuten Atanora hurbildutako pilotazaleek. Rezusta 2-4 aurreratu zen lehenik, dejada eder bat eta bi pareta bikain bat sinatuz. Urrutikoetxeak, ordea, markagailuari buelta eman eta 9-5 jarri zen aurretik: tanto onak egin zituen, baina Rezustaren aurreneko opariak ere hortxe iritsi ziren.
Txapelketa osoan erakutsi duen adorea atera zuen orduan Rezustak, eta lehia berriz parekatzeko gai izan zen. Beste horma-biko bat, “Urruti”-ri buruz gaindi pasatako bi ezkerkada eta sake bati esker, emaitza 9-8 ipini zuen bergararrak. Partida bizi-bizirik zegoen, baina Rezustak sakez falta egin zuen, sakea eta agintea aurkariari eskainiz.
Bigarren falta sakez
Txapelketako atzelari onenak oraindik aukerak bazituen; horren erakusgarri, 11-9 –bere hirugarren horma-bikoa eginez– eta 13-10 –aurrelari onenak ere sinatuko lukeen ezker gantxo batekin– hurbildu izana, baina sakez egin zuen bigarren faltak erabat zapuztu zituen gipuzkoarraren aukerak. Urrutikoetxeak sakea berreskuratu eta bost tanto egin zituen errenkadan, 18-10 aurreratu eta lehia erabakitzeko.
«Gaur ez noa batere gustura etxera, opari gehiegi egin ditut eta horrela ezin da irabazi», aitortu zuen Rezustak amaieran, txapelketaren balantze orokorra positiboa dela gaineratu zuen arren. Mikel Urrutikoetxea, aldiz, pozik agertu zen «txapelketa zapore onarekin amaitzea garrantzitsua zelako». «Pena aurreko astekoa izan zen, baina hori jada ezin da aldatu».

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
