Euskarazko hezkuntza garatzeko baliabide eske, hitzez eta ekinez
Seaskak sarea zabaltzeko xedea du, euskarazko hezkuntza maila ezberdinetan garatuz. Gakoa da egitasmo berriak sustatzeko baliabide nahikoa lortzea. 24 irakasle postu berri behar ditu, baina momentuz 15 baizik ez dizkiote bermatu. Gaurko mobilizazioa deitu du Baionan.

Iragan maiatzaren 14an, Herri Urratsen kariaz Seaskak jakitera eman zuenez, arazo franko izanen ditu heldu den urtean bere egitasmoak aurrera eramateko.
Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroako ikastolak bere baitan hartzen dituen federazioak heldu den ikasturterako 24 irakasle lanpostu berri galdegin ditu.
Hasiera batean, zortzi irakasle berri baizik ez zizkion eskaini Paueko Ikuskaritzak. Alta, joan den astean izandako bileren ostean, hamabost lanpostu berri emateko engaiamendua hartu zuen Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Hezkuntza Ikuskariak. Horrela baieztatu zuen atzo Seaskak negoziazioak ez dituela amaitutzat ematen. Aurrerapausoak badira ere, Paxkal Indo Seaskako lehendakariaren esanetan, garatzeko dituzten hainbat proiektu kolokan daude.
Bi egitasmo kolokan
Hartara, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan Seaskak ireki nahi duen Inklusiorako Egitura Pedagogikoa (Ulis deiturikoa) ez dute begi onez ikusten ez Paueko ikuskariak ez Bordeleko Errektoretzak. Erabaki horrek ondorio bereziki larriak lituzke behar bereziak dituzten haurrentzat. 11 eta 12 urteko hiru ikaslek egunero bidaia luzea egin beharko lukete, Lapurdiko kostarantz, euskaraz ikasten jarraitu nahi badute.
Bigarren oztopoa Bernat Etxepare lizeoari ezarri diote, Lanbide Heziketan aurreikusten ziren bi sailetatik bat baizik ez delako onartua izan. Komertzioa euskaraz ikasteko hautua egin duten ikasleak izanen dira kaltetuak. «Kudeaketa arazoa dagoela» uste du Indok, Errektoretzarekin aipatu bi sail irekitzea adostu ondoren etorri baita Hezkuntza Ministerioaren debekua.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
