Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zentrifugoa, izatekotan!

Berriro ere pasatu zait burutik pasadizo hura. Bai, korintoarrak ditut gogoan. Zenbat aldiz ez ote zien apostolu hark gutunak bidali, bata bestearen segidan postaria eta bere moto-gurdia bera aspertu arte, eta, itxura batean sikiera, inoiz ere ez zuen gizajoak erantzunik jaso. Halakorik ere! Idatzizko erantzunaz nago, jakina. Beharbada Korintoko irrati-telebistaren batean erantzungo zuten, agian bai, baina horretaz behintzat ez da erregistrorik geratu, antropologoek bila segitu arren. Batek daki, zibererasoren batek ezaba zezakeen arrastoa…

Bada bai, Generalitateko president-ak gobernu zentral eta zentripetoko presidenteari bidalitako gutunek, eta honen idatzizko erantzun ezak, gogorarazi didate kontu hura. Amen. Tira, ez dago seguru esaterik (eta ez naiz orain hasiko ministro zentripeto modura inputazio faltsuak asmatzen) baina ez ninduke batere harrituko Korintoko alkateak moztu izan balio argia apostolua bizi zen auzo okupatuari, helburuaz gauez behintzat idatzi ez zezan; aitzakiaz, ostera, ortu komunitarioak egitea. Jainkoak berak baleki! Mon Dieu!

Tira harira! Gaur goizean behatzen arteko ugerra berritzen nengoela Etxe Zuriko oraingo maizterra pasatu zait burutik, horrek dakarkidan kalenturarekin. Ozeanoz alde honetatik ibili da biran, egoitza nagusitik nagusira han-horka bostekoa luzatzen. Eta hartzaile guztiek, egoitza-atariko tapiz gorriaren buruan, eurena gustura luzatu ere, irribarrea ezin ezkutatuan. Guztiek? Ez! Vatikanoko Hiriko koalizio-gobernuburuak ohikoa duenaren kontra irriñoa ezkutatu eta betondo ilunean hartu zuen morroia. Kolpea gero! Ama, ama! Ez duzu sinetsiko baina une batez kristaua izateko gogoak hartu ninduen, kristau zentrifugoa, jakina! Burua berriro hoztu arte baino ez bazen izan…