Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Nire aitorpena

Bada bai, errenta aitorpenaren urte-sasoia da oraingoa, amaitzen badago ere, sasoia. Nork bere foru ogasunari kontuak aitortzekoa, nor guztiek berea aitortzen ez badiote ere, hain dira batzuk lotsati! Atera kontuak! Beste kontu bat da ogasunek aitorpenen bidez bildutako horrekin egiten ez dutena; eta beste kontu bat, zer aitortu izan bai baina aitorle ez direnekin egiten ez dutena: Nork-Nori-Zenbat Zor! Azken finean, gizarte bidezko batean zergak ordaintzea betebehar baino gehiago eskubide hartu beharko zen… gizarte bidezko batean!

Baina tira, demontre, harira! ez dakit zertara datorren sarrera antzeko hori, nik neuk ekarri badut ere! Nik laukiez gura nuen berba egin, aitorpena betetzean erronka modura ageri diren laukiez, X markatzekoez. Ez, ez nago sinbolo hori buru gainean txapela modura daroan pertsonaia politikoaz. Elizari diru-partida ematekotan markatu behar den X horretaz nago. Nori eta Elizari! Mon Dieu! Ez nekien nik azken urteotan han-hemen herri-eraikinak, Getsemaniko ortuko harraska bera ere, arrapaladan bere izenean erregistratu dituen hori diru faltan egongo zenik! Akaso, elizetako aitorlekuak ogasunari ondareak aitortzeko leku hartuko zuen oraingoan? Ez dakit nik globalizazioarekin gauzak aldatu ote diren elizaren barruan, baina nire ume garaiko gomutak gomuta beti iruditu zait susmagarri aitorlekuak bazterreko ilunetan egotea.

Eta bitartean, Urkiolako santutegi aurreko harri handiaren bueltan ibili da, aurtengo sanantonioetan ere, jelkideren bat bikotekide eskean, nonbait Bilboko udaletxeko urak mugituak baitoaz. Kontua? Hirira autoz sartzeko ordainsaria jarri edo ez, hortxe talka balizkoa. Nik neure kultura politiko berritik uste dut izan badudala horren konponbidea: sartzeko ordaindu ez! ateratzeko bai, ostera! Horixe nire aitorpena!