Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Hor konpost!

Tourreko Giroa Vueltan. Urtero legez. Taldeak aurkezpena egiten dira hasiak. Eta, hara!, euskaldunen ondoan ikurrina ageri izanak hautsak harrotu ditu gure beheko Estatu antzeko txoko batzuetan. Hautsak harrotu bai, euren patioa aurretik eskobatuta ez zuten seinale. Eta ulertzekoa da, eskoba gutxi ei dute hango jauregietan eta kaka larregi alfonbra azpira biltzeko. Kontuak atera, hango bulegotzar batzuetako sofatzarretara ailegatzeko igo egin behar duzu alfonbran gora eta gero jaitsi. Mon Dieu!

Tira, harira! Orain urte batzuk euskaldunok Tourren multzo propioa genuenean “Pays Basque” zeramaten idatzita maillotean, eta inork ez zuen arrantzarik egin beheko Estatu antzekoan. Bai, egia da, non eta ipurdian zeramaten idatzita! Baina, tira, epe motzera Vueltan gertatuko da oraintsu Tourren gertatua, eta, orduan, protesta egitekotan, beheko Estatuaren Kanpo Harremanetarako Ministeriotik egin beharko dute, eta, ez, gaur egun ohikoa den moduan, Barne Arazoetarako Ministeriotik. Izan ere, gaur Barne dutena bihar-etzi Kanpo izango dute, seguruenik, naturaltasunez. Eta gaur Arazo hartzen duten hori Harreman hartu beharko. Aitzindari dira horretan Katalunian; horregatik gauzatu dute Atzerri Gaietarako Kontseilaritza, sendatze eta sendotze bidean, atzerrian baitute gaurkoz traba-gai handiena. Trenen talka abiadura handiz. Hortaz, hemen abiadura handiko tren zer horrek benetan duen larrialdi-irteera arazoa ez dago tuneletan, bai zera!, proiektuaren funtsean bertan dago. Tira! Kanpo arazoa du tren horrek, tunelen barrukoa baino handiagoa. Portzierto, innobaziotzat har daiteke udalerriren batean espaloian gaika utzitako hondakinak kamioian bat eginda biltzea. Gauez, gainera! Beharbada, simulakro modura zegoen pentsatuta, jendeak arazoak gaika sailkatzen trebatzeko … Hor konpost!